Bibiane Schulzek kontratua berritu du Athleticekin datozen bi denboraldietarako
Athleticek eta Bibiane Schulzek akordioa lortu dute jokalariaren kontratua bi denboraldiz luzatzeko, 2027ko ekainaren 30era arte. 43 partida jokatu ditu lehen taldearekin, eta Alemaniako selekzioan jokatu ohi du. Aurten etenaldia egin behar izan du, sasoiko bigarren jardunaldian belaunean izandako lesio larri baten ondorioz.
Errekuperazio-fasearen azken txanpan da Schulze, eta talde zuri-gorriarekin duen konpromisoa luzatu du orain. 2019ko udan iritsi zen Lezamara, FCC Frankfurtetik, bigarren taldearekin bat egiteko. Ibaiganen egin dute kontratua berritzeko ekitaldia, Jon Uriarte presidentearekin eta Xabier Arrieta Emakumeen Futbol zuzendariarekin.
Jokalaria "pozik" agertu da erabakiarekin: "Oso berezia da aparteko klub batean egotea. Asko ikasi dut sei urteotan. Ez da urte erraza izan mentalki, baina bai taldekideek bai lan-talde teknikoak asko lagundu didate. Taldeak hazten jarraitu nahi du, eta nik horretan laguntzea espero dut".