Athleticek, bigarren zatian hamar futbolarirekin jokatuta, 2-2 berdindu du Getaferekin, San Mamesen
Athleticek berdindu egin du, 2-2, Getaferen aurka, asteazkenean, San Mamesen, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako zazpigarren jardunaldian. Yuri Berchicek, aurreneko zatian, eta Iñaki Williamsek, bigarrenean, Athleticen golak egin dituzte; Gaston Alvarez eta Juanmi Latasa izan dira Getaferen golegileak. Bilboko taldea hamar jokalarirekin aritu da bigarren zatian; izan ere, lehen zatiko luzapenean, epaileak txartel gorria atera dio Oihan Sanceti.
San Mameseko zaleek partida bizi-bizia ikusi dute; bi taldeek izan dituzte gol aukera onak, eta aztertzeko moduko hainbat jokaldi izan dira. Athleticek erakutsi egin du zergatik eman dion hasiera ona Ligari, eta gertu izan du garaipena, lehen zatiko luzapenean hamar jokalarirekin gelditu bada ere. Ernesto Valverderen gizonak, Getafek banakoa sartuta, berriro ere jarri dira aurretik, eta ausart ibili dira lehian; aurkariak ere egin du neurketa ona. Azken emaitzak, 2-2ko horrek, berdegunean ikusitakoarekin bat egiten du; zuri-gorriak eta Jose Bordalasen taldea amaierara arte izan dira hiru puntuak eskuratzeko ahaleginetan.
Athletic-Getafe partidako laburpena (2-2)
Yuri Berchiche nabarmendu ahal da; izan ere, ezker hegaleko atzelariak denboraldiko aurreneko gola sartu du, falta jaurtiketa batean. Iñaki Williamsek partida oso ona egin du, eta Iker Muniainek, azken minutuetan zelairatuta, Athleticeko historiako bigarren jokalaria da, jokatutako partidei erreparatuta, Txetxu Rojorekin batera; nafarrak, dagoeneko, 541 neurketa ditu elastiko zuri-gorriarekin. Oihan Sancet ere izan da, asmo hori izan ez badu ere, protagonistetako bat, epaileak kanporatu egin baitu.
Herrera, zelai erdian
Aurreko ostiralean Mendizorrotzan hasieratik ateratako hamaikakoarekin alderatuta, Ernesto Valverdek aldaketa bakarra egin du: Ander Herrera sartu da zelai erdian, lesionaturik dabilen Iñigo Ruiz de Galarretaren ordez. Jose Bordalasek, aldiz, agian bere taldeak soilik bi atseden egun izan dituelako igandean Donostian galdu zuenetik, sei gizon aldatu ditu, hasierako hamaikakoan; besteak beste, Damian, Mitrovic eta Alderete aulkian hasi dira, San Mamesen.
Lehen zatiko aurreneko minutuetan sartu du Yurik 1-0ekoa, eta luzapenean izan da Sanceten kanporaketa. Gipuzkoar atzelariak gola egin aurretik, bazirudien Getafe sendo zegoela berdegunean; zarauztarraren ezkerkadak, baina, konfiantza eman dio Athletici. Indarrez eta abiaduraz jokatuz, eskuin hegaletik arriskua sortuz, zuri-gorriak ondo aritu dira, arin eta trebe. Oscar de Marcos eta Iñaki Williams nabarmendu dira, hainbat jokalditan, eskuinaldetik.
De Marcosek, 21. minutuan, Herreraren pase sakon bikaina baliatuz, gertu izan du bigarrena, eta Guruzetak, 35.ean, area barruan ondo mugituta, zutoinera jaurti du. Getaferen aldetik, Unai Simonek geldiketa bikaina egin dio Borja Mayorali. Zuri-gorriek kontrolpean zuten jokoa, eta aurkaria baino erosoago zebiltzan; lehen zatiko luzapenean, baina, Oihan Sancet, Diego Rico ere bila zebilen baloi batean, hanka asko altxatu du, eta Rico aurretik iritsi da. Mendillorriko jokalariak falta egin du, eta Diaz de Merak epaileak txartel gorria atera dio nafarrari.
Banakoa, eta Athleticen bigarren gola
Jokalari bat gehiago zuela, Getafek anbizio handiagoa izan du bigarren zatiaren hasieran. Seigarren minutuan, korner batean, Gastonek buruz jo du, Athleticeko aterantz, eta baloiak Iñaki Williams jo du. Maksimovicek ere errematatu du, baina 1-1ekoa Gaston uruguaiarrak egin du, baloia barruan baitzegoen.
Bizkaiko taldea, nolanahi ere, ez da atzean geratu. Mikel Vesga eta Herrera, beste behin, zelai erdian kalitatea jartzen ahalegindu dira, Athletic berdegunean berriro hobeto kokatze aldera. Partida parekatu egin da, bi taldeak zebiltzan indartsu; orduan, 62. minutuan, Yerayk pase polita eman dio, luzean, De Marcosi, azken horrek bikain kontrolatu du baloia, eta Iñaki Williamsi laga dio. Bilbotarra atzetik zetorren, arean sartu da, eta, ezkerrez egindako jaurtiketa eder baten bidez, zuri-gorrien bigarren gola lortu du.
Madrilgo taldeak, baina, gogor jo du aurrera. 70. minutuan, Unai Simonek eta langak eragotzi diote gola Latasari; hiru minutu lehenago, murgiarrak geldiketa ederra egin dio Oscarri, azken horrek urrutitik jaurti ostean. 83. minutuan, Jose Angel Carmona oso ondo sartu da eskuinaldetik, erdiraketa bikaina egin du, eta, gertutik, Juamni Latasak, 1,91ko aurrelaria bera, burukada hobeezina egin eta neurketa berriro ere berdindu du.
Azken luzapena luzea izan da, eta polemika apur bat ere izan du; Bordalas bera kanporatu du epaileak, eta hainbat jokalari sartu dira eztabaidan, neurketa amaitzen ari zela. Ez da markagailua berriro ere aldatu, eta Athleticek Liga honetako 14. puntua batu du; oraingoz, BIlboko taldea laugarren dabil sailkapenean.
Fitxa teknikoa
2 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Paredes (Yeray, 46. min), Yuri; Vesga (Dani Garcia, 65. min), Ander Herrera (Prados, 82. min); Iñaki Williams, Sancet, Berenguer (Muniain, 85. min); eta Guruzeta (Raul García, 65. min).
2 - Getafe: David Soria; Iglesias (Carmona, 77. min), Duarte, Gaston, Diego Rico; Aleña (Latasa, 65. min), Maksimovic (Mata, 85. min), Arambarri (Djene, 77. min), Angileri (Oscar Rodriguez, 65. min); Greenwood eta Mayoral.
Golak: 1-0, 6. min: Yuri. 1-1, 50. min: Gaston. 2-1, 62. min: Iñaki Williams. 2-2, 83. min: Latasa.
Epailea: Isidro Díaz de Mera Escuderos (Gaztela-Mantxako Batzordea). Sancet kanporatu du, lehen zatiko luzapenean, Diego Ricoren aurrean hanka gehiegi altxatzeagatik, eta Jose Bordalas Getafeko entrenatzailea, 96. minutuan. Gainera, jokalari hauei atera die txartel horia: Paredes (2. min), Guruzeta (58. min), Yeray (92. min), Raul Garcia (96. min), Athletice, eta Damián (6. min), Djene (94. min) eta Gaston (96. min).
Gertakizunak: EA Sports Ligako zazpigarren jardunaldiko partida. San Mamesen 43.091 zale izan dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Peio Canales: “Orain beste jokalari bat bueltatzen da Athleticera”
Peio Canalesek onartzen du urte bikaina eman duela Racingen utzita, eta bertan asko hazi dela. Athleticen garrantzitsua izan nahi du Terzicen aginduetara, berarekin zelaian egin behar duenaren inguruan hainbat elkarrizketa izan baititu. Taldearen helburua oso argia da: goiko postuetan egotea.
Elene Guturbayk 2029ra arte berritu du kontratua Athleticekin
Deustuko erdilariak hiru denboraldiz luzatu du klubarekin duen lotura. Duela gutxi 19 urtez azpiko Europako txapelketa irabazi zuen.
Athleticek Racing hartu du mendean, Laredon, denboraldiaurreko bosgarren neurketan (0-3)
Gorka Guruzetak Athletic aurreratu du markagailuan, lehen zatian. Atsedenaldiaren ostean, Oihan Sancetek egin du zuri-gorrien bigarren gola, eta hirugarrena Johanekok sartu du azken minutuetan. Horrela, Edin Terzicen taldeak porrotik gabe jarraitzen du denboraldiaurrean.
Athleticek bere munduko hiru txapeldunak eta De la Fuente omenduko ditu
Espainiako selekzioko hiru jokalari zuri-gorriek parte-hartze garrantzitsua izan zuten Munduko Kopako finalean, eta horiei Luis de la Fuente hautatzailea gehitu behar zaie, Athleticeko jokalari gisa aritutakoa.
Athleticek Sestao River hartu du mendean, denboraldiaurreko hirugarren neurketan (0-2)
4.000 bat zalek harmailak bete dituzte. Edin Terzicen taldeak garaipena lortu du Gorka Guruzetaren eta Oihan Sanceten golei esker. Zuri-gorriek hurrengo partida larunbatean jokatuko dute, Zamudion, Eibarren kontra.
Athleticek gol festaz gozatu du Leioan (0-11)
Athleticek 0-11 irabazi du Leioaren aurka larunbat honetan Jose Ignazio Azkueta zelaian jokatutako lagunartekoa. Golegileak Guruzeta (3), Djalo (2), Navarro (2), Berenguer eta Hierro (2) izan dira. Gainera, etxekoen defentsak gol bat sartu du bere atean. Ikusi hemen partidako gol guztiak.
Vivian eta Maroan Athleticen denboraldiaurreko baja zerrendan sartu dira
Atzelariak “lesioa du eskuin hankako aduktore luzean", eta aurrelariak, berriz, "lesioa du ezker belauneko artikulazio tibioperoneoan", klubak jakinarazi duenez.
Edin Terzicen Athletic berriak ilusioa berpiztu du zale zuri-gorrien artean: “Proiektu oso ona da”
Bilboko taldeak, ostegunean, Lezaman, zaleen aurrean egin du entrenamendua; 500 bat izan dira bertan. Edin Terzic entrenatzaile berriak utzitako lehen sentsazioak onak dira, EITBk egin dituen elkarrizketetan ikusten denez.
Terzicen Athleticek Derio garaitu du denboraldiaurreko lehen partidan (0-3)
Athleticek denboraldiaurreko lehen lagunartekoa jokatu du gaur Derioren aurka Portugaleten. Terzicen taldea garaile atera da 0-3ko markagailuarekin, eta hiru golak bigarren zatian iritsi dira. Maroan Sannadik zelaia utzi du, belaunetako batean min hartu du eta.
Athletic lanean hasi da, Victor Martinen esanetara: “Taldea ausarta, erasokorra, joko alai eta ikusgarria izatea nahi dut”
Bizkaiko taldeak lehen entrenamendua egin du, Lezaman, entrenatzaile berriarekin. Irene Oguizak, kapitainetako bat bera, nabarmendu du garrantzitsua dela, denboraldiaurrean, jokalariak klubera iritsi berri den talde teknikora egokitzea.