Alavesek urrezko hiru puntu lortu ditu Bernabeun, Real Madril menderatuta (1-2)
Alavesek Toni Martinezen eta Angel Perezen golei esker irabazi du Santiago Bernabeu, eta Real Madrilen hamar garaipeneko bolada onari amaiera eman dio.
Alavesek garaipen historikoa lortu du Santiago Bernabeun (1-2), Real Madrilen hamar garaipeneko bolada onari amaiera emanez. Toni Martinezen eta Angel Perezen golek urrezko hiru puntu eman dizkiote taldeari, eta azken unera arte eutsi diote, baita zuriek aldea murriztu dutenean ere.
Eduardo Coudeten taldeak defentsako planteamenduarekin hasi du partida, Real Madrilen aurka espazioak itxiz. Zuriek min egin nahi izan dute, batez ere Mbappé eta Viniciusen bitartez, baina defentsan indartsu aritu da Alaves eta atepean erabakigarria izan da Sivera. Hala, Babazorroen atezainak madrildarren lehen gola eragotzi du 8. minutuan. 22. minutuan, Toni Martinezek baloiaren jabetza berreskuratu eta 0-1ekoa lortu du.
Golak ahaleginak areagotzera behartu du Real Madril. Bellinghamek berdinketa lortzeko bi abagune on izan ditu, eta Mbappek ere ia-ia eskuratu du tantoa aurrealdetik egindako jaurtiketa baten bidez. Mourinhok txartel horia ikusi du azken txanpan, Arda Gülerri adierazi ez dioten falta batengatik protesta egin ostean. Hala ere, Alavesek eutsi egin dio eta atsedenaldira markagailuan aurretik zela joan da.
Alaves min egiten jarraitzeko prest atera da atsedenalditik. 48. minutuan, Rebbachek gol ikusgarria egin du, baina baliorik gabe utzi du epaileak, jokoz kanpo adierazita. Coudeten jokalariek agintea erakusten jarraitu dute, eta 60. minutuan saria izan dute. Marianok baloi bikaina jarri dio Angel Perezi eskura, eta honek, 0-2koa sartu du.
Real Madrilek erreakzionatu egin du eta Mbappek aldeak murriztu ditu 69. minutuan area barrutik egindako jaurtiketa baten bidez (1-2).
Zuriak askotan heldu dira Siveraren ate inguruara, baina arabarren defentsak eutsi egin dio erasoari. Une erabakigarria 88. minutuan iritsi da, Bellinghami ustez egindako penaltia bertan behera utzitakoan. Ingelesak bigarren txartel horia ikusi du eta kanporatu egin dute, talde zuria hamar jokalarirekin utziz.
Alavesek eutsi egin die azken minutuei eta sekulako garaipena lortu du madrildarren bolada ona eten eta Bernabeu mendean hartuta.