Alavesek ausart jokatu du Bernabeun, eta ezinezkoa ematen zuen partida berdintzear izan da (3-2)
Alavesek galdu egin du, 3-2, Real Madrilen aurka, Santiago Bernabeu futbol zelaian, astearte gauean, 2024-25 denboraldiko EA Sports Ligako zazpigarren jardunaldian jokatutako partidan. Lucas Vazquezek eta Kylian Mbappek, lehenengo zatian, eta Rodrygok, bigarrenean, talde zuriaren golak sartu dituzte, baina Carlos Protesonik eta Kike Garciak, 85. eta 86. minutuetan, Gasteizko taldearenak sartu dituzte, eta Alaves amaierara arte aritu da berdinketaren bila. Hala, txapelketako zazpi jardunaldi jokatuta, Alavesek hamar puntu dituela jarraitzen du, eta, behin-behinean, sailkapeneko zortzigarren postuan dabil; Real Madrilek bigarren postuari eutsi dio.
Real Madril-Alaves (3-2): partidako laburpena
Alavesek, lehenengo zatian, aurrera jo nahi izan du, baina Real Madrilen nagusitasuna argia izan da partidako tarte horretan, eta Lucas Vazquezek eta Kylian Mbappek, hurrenez hurren, lehenengo eta 40. minutuetan sartutako golek erakutsi egin dute hori. Ancelottiren taldeak erasoko jokaldi politak egin ditu bi gol horietan; aurrenekoan, partidako aurreneko minutua bete aurretik, Vinicius ondo sartu da ezkerretik, eta Lucas Vazquezek ondo baliatu du haren erdiraketa; bigarrenean, ordea, Mbappek eta Bellinghamek ezin hobeto eman diote baloia elkarri, frantziarrak sareetara jaurti baino lehen.
Bigarren zatiko hirugarren minutuan, Rodrygo, etxeko taldearen erasoko eskuinaldetik bikain sartuta, Siveraren aurrean jarri da, eta Real Madrilen hirugarrena egin du. Luis Garcia Plazaren gizonek, hala eta guztiz ere, ez dute amore eman, eta, 77. minutuan, Abde, area barruan trebetasun handiz egindako jokaldi baten bidez, 3-1ekoa sartzear izan da, baina haren errematea zutoinera joan da, zuzenean.
Agian jokaldi horrek bultzatu egin du Alaves edo baliteke Gasteizko taldearen lan ona, azkenean, fruitua ematen hastea; edonola ere, partidako azken hogei minutuetan jazotakoa benetan gogoan izateko modukoa izan da. Endrickek, Alavesen arean, ostikada eman dio Mouriñori, baina epaileak ez dio txartel gorria atera; ia jarraian, Protesonik, baloia area ertzean jasota, ezkerkada bikaina egin eta 3-1ekoa sartu du. 85. minutuan izan da hori, eta Alavesek gehiago nahi zuen; hurrengo minutuan, Protesonik berak emandako pase bikaina baliatuta, Kike Garciak, maisutasunez, 3-2koa egin du, eta talde babazorroak balentria historikoa oso gertu zuen, une horretan.
Siverak geldiketa bikaina egin du Endricken jaurtiketa bati erantzuna emanda, eta Alavesek 3-3koaren bila egin du aurrera. Ez du lortu, baina gutxi falta izan zaio Ander Guevarari, luzapenean, gauzatzeko. Luis Garcia Plazaren taldeak, beste behin, egiaztatu du sasoi onean dagoela eta ondo baino hobeto ekin diola denboraldiari.
Fitxa teknikoa
3 - Real Madril: Courtois; Lucas Vazquez, Rudiger, Militao (Vallejo, 80. min), Mendy; Tchouameni, Fede Valverde (Modric, 69. min), Bellingham; Rodrygo (Endrick, 69. min), Vinicius (Fran Garcia, 91. min) eta Mbappe (Guler, 80. min).
2 - Alaves: Sivera; Mouriño, Abqar (Guridi, 46. min), Diarra, Manu Sanchez (Pica, 71. min); Novoa, Antonio Blanco (Guevara, 60. min), Benavidez Protesoni, Conechny; Luka Romero (Rebbach, 60. min) eta Villalibre (Kike Garcia, 71. min).
Golak: 1-0, 1. min: Lucas Vazquez. 2-0, 40. min: Mbappe. 3-0, 48. min: Rodrygo. 3-1, 85. min: Protesoni. 3-2, 87. min: Kike Garcia.
Epailea: Alejandro Muñiz Ruiz (Galizia). Real Madrileko Fede Valverde, Vinicius, Endrick eta Modric zigortu ditu, txartel horia aterata.
Gertakizunak: 67.480 zale izan dira Santiago Bernabeun.
Zure interesekoa izan daiteke
Miguel Rodriguezek Alavesen jokatuko du 2031ra arte
23 urteko gazte galiziarra Holandako Utrecht taldetik dator Gasteizera.
Alavesek Girona garaitu du udako bigarren lagunartekoan (0-1)
Alavesek 0-1 garaitu du Girona La Vall d’en Basen jokatu duen denboraldiaurreko bigarren lagunartekoan. Norgehiagokako gol bakarra Alvaro Garciak sartu du azken txanpan, korner bat buruz errematatuta.
Koskik burmuineko kommozio ez larria du kolpe baten ondorioz, eta atseden hartu beharko du
Alavesek jakinarazi duenez, jokalariari egin dizkioten proba medikoek lesio larriagoak baztertu dituzte.
Alavesek Hanane Ait El Haj fitxatu du defentsako lerroa indartzeko
Atzealdeko ezker hegalean jokatzen du, baina jokalari erasokorra da. Marokoko selekzioko kapitaina da, eta Emakumezkoen Nazioen Afrikako Kopa jokatzen ari da.
Andrea Esteban: “Helburua ahalik eta lehiakorrenak izatea da, ahalik eta azkarren”
Alaveseko jokalariak aurredenboraldi gogorra egiten ari dira. Andrea Esteban entrenatzaileak F Ligan berriro jokatzeko egiten ari diren lanaz hitz egin digu, baita taldearen helburuak zeintzuk diren azaldu ere.
Daouda Doumbia erdilariak NK Istra kroaziarrean jokatuko du
NK Istra Alavesen jabetzakoa da % 85ean.
Mikel Rodriguez, gogotsu Alavasekin jokatzeko
Erdilari getariarra datozen bost denboraldietan Gasteizen arituko da, nahiz eta Realak berriro jokalaria erosteko aukera izango duen. Aurkezpenean, besteak beste, Alaves aukeratzearen arrazoiak zeintzuk izan diren azaldu du jokalariak.. Gainera, argi utzi du ez zuela ikusten Realean tokirik izango zuenik, eta minutu horien bila iritsi dela klub babazorrora.
Alavesek Somea Polozen atezaina fitxatu du
Danimarkako FC Nordsjælland taldetik ailegatu da Gasteizera Bosnia-Herzegovinako atezaina.
Juliette Vidal hegaleko frantziarrak Alavesen jokatuko du
Atzelari frantziarrak AS Saint-etienne, FC Basel, RSC Anderlecht eta Bayer Leverkusen taldeetan jokatu du.
Mikel Rodriguez, Alavesen jokalari berria
Getariako jokalaria Sanse taldetik iritsi da, eta 2031ra arte sinatu du. Alavesek bi milioi euro ordaindu dizkio Realari, eta Realak berreskuratu ahalko du futbolaria, lau milioi ordainduta.