Alavesek Cadiz menderatu du (1-0), Luis Riojak sartutako golari esker, eta urrezko hiru puntu lortu ditu
Alavesek 1-0 menderatu du Cadiz Mendizorrotzan, ostiral gauean, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako 21. jardunaldiko partidan. Luis Riojak egin du, penaltiz, 51. minutuan, Luis Garcia Plazaren taldeari garaipena eman dion gola; urrezko balioa du garaipen horrek, Alavesek 23 puntu baititu orain, Cadizek baino zortzi gehiago. Cadiz hamazortzigarren dago sailkapenean, maila galduko duten hiru postuen gorenean. Gasteizko taldeak merezi izan du irabaztea.
Hotz handia izan da Gasteizen, baina giro polita harmailetan, eta Alavesek oso inportantea zen partida bat irabazteko helburua lortu du. Arestian esan bezala, Luis Riojak sartu du gol erabakigarria, penalti puntutik, bigarren zatia hasi eta berehala; Kike Garciari egin diote penaltia, argia, eta jokaldi horrek zehaztu du emaitza.
Alavesek bizi-bizi ekin dio partidari, eta aurkariaren atearen bila zelairatu da. Hirugarren minutuan, Guridik, ezkerrez, area barruan, boleaz jaurti du, eta baloiak langa jo du zuzenean. Bost minutu geroago, Carlos Vicenteri kanpora joan zaio errematea, eta 12. minutuan, Luis Riojak ondo erdiratu du eta Kike Garciaren burukadari erantzun zuzena eman dio Ledesma atezainak.
Handik gutxira, Cadiz Antonio Siveraren areara gerturatzen hasi da; Andaluziako taldeak ia ez du arriskurik sortu, baina neurketa parekatu egin da. Atsedenaldira arte, Alaves eta Cadiz ondo borrokatu dira, baina lehia horretan ez da garailerik izan. Guevara eta Guridi Gasteizko taldearen erasoko jokoa ordenatzen ahalegindu dira, eta Luis Rioja, ezkerretik, jokaldia egiten saiatu da; atsedenaldian, 0-0ekoa zegoen markagailuan, baina emaitza horrek ondo islatzen zuen Mendizorrotzako berdegunean lehen zatian ikusitakoa.
Bigarren zatiko lehen minutuetan jazotakoa giltzarria izan da azken emaitzarako. 50. minutuan, Kike Garciak, area barruan, baloia kontrolatu du, eta Guevarari eman nahi izan dio pasea, atzerantz; jokaldian, Ivan Alejo Cadizeko jokalariak Alaveseko aurrelaria zapaldu du, eta epaileak ikusi eta penalti adierazi du. Luis Riojak ez du hutsik egin, eta aurretik jarri du euskal taldea.
Minutu asko gelditzen ziren norgehiagoka amaitzeko, baina Alavesek ondo jokatu du 1-0ekoa sartu ostean. Presio handia egin dio aurkariari, eta bigarrena ere hurbil izan du hainbat jokalditan, bereziki Samu Omorodionen bidez (aurrelaria partidako azken tartean irten da). Cadizek ez du amore eman, baina Sergio Gonzalezen jokalariek ez dute ia aukerarik izan Alavesi min egiteko. Gasteizko taldea hamabigarren postuan jarri da, eta oso sendo dabil mailari eusteko lehian.
Fitxa teknikoa
1 - Alaves: Sivera; Gorosabel, Rafa Marin, Duarte, Javi Lopez; Guevara, Antonio Blanco (Tenaglia, 90. min), Guridi (Benavidez, 84. min); Carlos Vicente (Sola, 76. min), Luis Rioja (Simeone, 90. min) eta Kike Garcia (Samu Omorodion, 75. min).
0 - Cadiz: Ledesma; Lucas Pires (Iza, 88. min), Victor Chust, Fali, Zaldua (Negredo, 87. min); Robert Navarro, Escalante (Alex, 75. min), Ruben Alcaraz, Ivan Alejo (Ocampo, 70. min); Sergio Guardiola (Eyong, 70. min) eta Chris Ramos.
Epailea: Alejandro Muñiz Ruiz (Galizia). Txartel horia atera die Sergi Guardiola, Ivan Alejo, Lucas Pires eta Fali Cadizeko jokalariei.
Gola: 1-0: 51. min, Luis Rioja, penaltiz.
Gertakizunak: EA Sports Ligako 21. jardunaldiko partida, Mendizorrotzan. 15.838 zale bildu dira zelaian.
Zure interesekoa izan daiteke
Miguel Rodriguez: “Entrenatzaileak eskatutako postuan, eroso izango naiz: bigarren aurrelari, eskuineko hegalean…”
Alavesen fitxaketa berria Herbehereetako Utrecht taldetik iritsi da Gasteizera, eta astelehenean aurkeztu dute. Miguel Rodriguezek ilusio handia du euskal taldean aritzeko aukeragatik.
Alavesek garaipena lortu du Castelloren aurka udako hirugarren lagunartekoan (0-3)
Alaves bolada onean dabil. Gasteizko taldeak udako hirugarren lagunartekoa jokatu du Castelloren aurka, eta 0-3ko emaitzarekin nagusitu da. Lucas Boyek egin ditu lehen bi golak, lehena penaltiz, eta Mariano Diazek sartu du hirugarrena.
Sarah Brasero ingelesak Alavesen erasoa sendotuko du
23 urtez azpiko Ingalaterrako selekzioarekin jokatutakoa, West Ham taldetik iritsi da Gasteizera. Ipswich Town taldean hezia, Braserok Espainiako eta Portugaleko nazionalitatea ere badu.
Alavesen jokalariak “etsita eta haserre" daude klubaren kudeaketarekin, igoera-saria dela eta
Jokalariek Futpro elkartearen bidez azaldu dute euren jarrera. Gainera, argitu dute oharrarekin ez dutela "liskarrik sortzea" bilatzen, "egoera nola bideratu den ikusita" euren etsipena agertu baizik.
Miguel Rodriguezek Alavesen jokatuko du 2031ra arte
23 urteko gazte galiziarra Holandako Utrecht taldetik dator Gasteizera.
Alavesek Girona garaitu du udako bigarren lagunartekoan (0-1)
Alavesek 0-1 garaitu du Girona La Vall d’en Basen jokatu duen denboraldiaurreko bigarren lagunartekoan. Norgehiagokako gol bakarra Alvaro Garciak sartu du azken txanpan, korner bat buruz errematatuta.
Koskik burmuineko kommozio ez larria du kolpe baten ondorioz, eta atseden hartu beharko du
Alavesek jakinarazi duenez, jokalariari egin dizkioten proba medikoek lesio larriagoak baztertu dituzte.
Alavesek Hanane Ait El Haj fitxatu du defentsako lerroa indartzeko
Atzealdeko ezker hegalean jokatzen du, baina jokalari erasokorra da. Marokoko selekzioko kapitaina da, eta Emakumezkoen Nazioen Afrikako Kopa jokatzen ari da.
Andrea Esteban: “Helburua ahalik eta lehiakorrenak izatea da, ahalik eta azkarren”
Alaveseko jokalariak aurredenboraldi gogorra egiten ari dira. Andrea Esteban entrenatzaileak F Ligan berriro jokatzeko egiten ari diren lanaz hitz egin digu, baita taldearen helburuak zeintzuk diren azaldu ere.
Daouda Doumbia erdilariak NK Istra kroaziarrean jokatuko du
NK Istra Alavesen jabetzakoa da % 85ean.