Maroko final-laurdenetara pasa da Kanada gaindituta (0-3)
Azzedine Ounahiren bi golek eta Soufiane Rahimiren hirugarren batek Maroko Munduko Txapelketako final-laurdenetara sailkatu dute larunbat honetan, Kanadaren aurka (0-3). Hala, Frantzia edo Paraguai izango dute aurkari.
Kanadak, kontzentrazio handiarekin ez ezik, Marokok baino oldarkortasun handiagoarekin ere lehiatu nahi izan du. Gogor baloi banatuetan, norgehiagoka fisikoen beldurrik gabe eta gol gosez aritu da.
Bonoren meritua izan da Kanadak lehen zatian golik egitea lortu ez izana. Atezainak esku-hartze salbatzailea egin du 10. minutuan Tani Oluwaseyiren erremate gurutzatu baten aurrean eta erasoko arriskurik sortu ez duen Marokori eutsi dio.
Aldageletara 0-0ekoarekin joan dira, eta txartel horia atera diete lau jokalari marokoarri.
Geldikako jokaldi bat behar izan da berdintasuna hausteko. Ounahik area aurrealdetik eskuinarekin errematatu du Marokoren 1-0ekoa sartzeko.
Kanadarentzat kolpe psikologikoa izan da. Jesse Marshen taldeak denbora behar izan du berrantolatzeko. Maroko giltzapetu egin da eta momentuaren zain egon da kontraerasoan min emateko. 82. minutuan, Ounahik partida erabakita utzi du bere bigarren golarekin.
Sailkapena poltsikoan zutela, Soufiane Rahimik Brahimen beste asistentzia bat aprobetxatu du 3-0ekoa sartzeko.