Unai Simonek bere izena idatzi du Munduko Txapelketen historian, Walter Zengaren marka gaindituta
Murgiako atezainak marka lortu du gaur Austriaren aurkako partidan, 89 minutu jarraian bere atea hutsean utzi ondoren. Horrela, Walter Zenga italiarrak 1990eko Italiako Munduko Txapelketan ezarri zuen 517 minutuko langa gainditu du.
Unai Simon, Austriaren aurka, Munduko Txapelketako final-hamaseirenetan. Argazkia: EFE
Unai Simon Athleticeko atezainak bere izena idatzi du gaur Munduko Txapelketen historian. Atezain arabarrak Austriaren aurka Walter Zenga italiarrak orain arte zuen marka gainditu du, eta Munduko Kopako historian golik jaso gabe denbora gehien eman duen atezaina da.
Murgiako atezainak gaur 89 minutu jarraian igaro dituenean golik jaso gabe hautsi du marka. Zengak 1990eko Italiako Munduko Txapelketan ezarri zuen 517 minutuko langa gainditu du atezain zuri-gorriak.
Atezain italiarrak bost partida osorik eman zituen golik jaso gabe. Argentinak eten zuen italiarraren bolada ona, finalerdiko 67. minutuan gola sartuta.
Bere aldetik, Simonek bi txapelketa lotu ditu marka berria ezartzeko. Bere bolada 2022ko abenduaren 1ean hasi zen, Qatarreko Munduko Txapelketan. hari gola sartu zion azken jokalaria Ao Tanaka japoniarra izan zen, hark erdietsi baitzuen Espainiaren eta Japoniaren arteko neurketako 2-1ekoa, multzoen faseko lehiako 51. minutuan.
Hortik aurrera, atezain zuri-gorriak golik jaso gabe eutsi zion Japoniaren aurkako partidako azken 39 minutuei eta Marokoren kontrako final-zortzirenetako norgehiagokako 120 minutuei. Kanporaketa hura penaltietan erabaki zen, eta Espainiako selekzioa txapelketatik kanpo geratu zen, hiru penalti huts eginda.
159 minutu horiei 2026ko Munduko Txapelketako multzoen faseko 270 minutuak gehitu zaizkie, Cabo Verde (0-0), Saudi Arabia (4-0) eta Uruguairen (0-1) aurka, hain zuzen ere.