Ingalaterrak, Ghanak eta Kolonbiak garaipena lortu dute, Munduko Txapelketako multzo faseko lehen jardunaldiko azken partidetan
L multzoan, Ingalaterrak Kroazia menderatu du, 4-2, eta Ghana, Iñaki Williams aulkian izan dela, Panamari gailendu zaio, 1-0; K multzoan, Kolonbiak Uzbekistan hartu du mendean, 1-3. Ostegunean eta ostiral goizaldean, txapelketako bigarren jardunaldia hasiko da, A eta B multzoetako partidak jokatuko baitituzte.
Kanek bi gol sartu ditu, eta Bellinghamek bat, Ingalaterrak Kroaziaren aurka lortutako garaipenean (4-2). Argazkia: EFE.
Ingalaterrak Kroazia menderatu du, 4-2, L multzoan, Ghana Panamari gailendu zaio, 1-0, L multzoan ere, eta Kolonbiak Uzbekistan hartu du mendean, 1-3, K multzoan, asteazken gauean eta ostegun goizaldean, Mexikon, Estatu Batuetan eta Kanadan jokatzen ari diren Munduko futbol Txapelketako multzo faseko lehenengo jardunaldian. Partida horiek jokatuta, amaitu egin da multzo fase horretako lehenengo jardunaldia, eta ostegunean hasiko da bigarrena, A eta B multzoetan.
Testuinguru horretan, Dallasen, L multzoan, Ingalaterrak eta Kroaziak partida ikusgarria jokatu dute, eta Ingalaterrak, 4-2 gailenduta, garaipen handia eskuratu du. Harry Kanek, penaltiz, hamabigarren minutuan, aurretik jarri du Ingalaterra, baina Kroaziak, Baturinaren bidez, berdindu egin du, 36. minutuan. Bi taldeak atsedenaldira joan baino lehen, bi gol gehiago izan dira: Kaneren 2-1ekoa eta Petar Musaren 2-2koa. Bigarren zatian, Ingalaterrak, Bellinghamek 47. minutuan eta Rashfordek 85.ean sartutako golei esker, garaipena erdietsi du. Ondorioz, Thomas Tuchelek entrenatzen duen selekzioak berretsi egin du txapelketako faborito nagusietakoa dela, eta, halaber, multzoko lehen postuan kokatu da. Ante Budimir Osasunaren aurrelaria eta Luka Susic Realaren erdilaria Kroaziaren aulkian izan dira norgehiagoka honetan.
L multzoan ere, Ghanak hiru puntu garrantzitsu bereganatu ditu, Panamari 1-0 gailenduta. Neurketan erabakigarria izan den gola Yirenkyik sartu du, partidako azken jokaldietako batean. Ghanako selekzioak, hala, ezinbesteko garaipena lortu du, Ingalaterraren eta Kroaziaren aurka jokatu aurretik. Iñaki Williams, Munduko Txapelketan dabiltzan bost euskal jokalarietako bat bera, ez da zelairatu.
K multzoari dagokionez, Kolonbiak argi hartu du mendean Uzbekistan, 1-3 irabazita. Kolonbiako selekzioaren golak Muñozek (40. minutuan), Luis Diazek (65.ean) eta Jaminton Campazek (luzapenean) sartu dituzte; Uzbekistanen aldetik, Fayzullaevek egin du gola, behin-behineko 1-1ekoa. Kolonbia, hartara, multzoko lehen postuan dabil, hiru puntu dituela; Kongoko Errepublika Demokratikoak eta Portugalek puntu bana dute.
Ostegun arratsaldean eta gauean, eta ostiral goizaldean, A eta B multzoetako bigarren jardunaldia izango da jokoan. Hauek izango dira partidak: Txekia-Hegoafrika (18:00etan, A multzoan), Suitza-Bosnia-Herzegovina (21:00etan, B multzoaren barnean), Kanada-Qatar (00:00etan, B multzoan) eta Mexiko-Hego Korea (03:00etan, A multzoan). Munduko Txapelketaren gaineko informazio guztia kirolakeitb.eus.eko web orri berezian kontsultatu ahal duzu.