Bayernek Real Madril kanporatu du azken minutuetan, eta Arsenal distirarik gabe sailkatu da
Bavariako taldeak 6-4ko emaitza lortu du kanporaketan, Allianz Arenan jokatutako itzulerako partidan 4-3 irabazi ostean. Bestalde, Artetaren taldeak hutsean berdindu du, etxean, Sportingen aurka, eta joaneko partidan sartutako gol bakarrarekin nahikoa izan du sailkatzeko.
Arsenalek eta Sportingek neurketa oso parekatua jokatu dute, Londresen (0-0). Argazkia: EFE
Real Madrilek porrota jaso du gaur Bayern Munichen aurka 2025-26ko Txapeldunen Ligako final-laurdenetan. Allianz Arenan jokatutako itzuliko neurketan Bavariako taldeak garaipena lortu du (4-3). Kanporaketan 6-4ko emaitza izan da, Bayernen alde. Beraz, finalerdietarako txartela lortu du Alemaniako taldeak
Atsedenaldira 2-3 irabazten joan dira zuriak, baina bigarren zatiaren amaieran Luis Diazek eta Michael Olisek bi gol egin dituzte, Eduardo Camavingari txartel gorria atera eta minutu gutxira.
Horrela, merengeak kanporaketa berdinduta joan dira aldegeletara, Arda Gülerren (0-1ekoa, 38 segundora eta 1-2koa, ordu erdira) eta Kylian Mbapperen (2-3koa, 42. minutuan) golekin. Bayernen golak Harry Kanek eta Pavlovicek sartu dituzte lehen zati horretan.
Alemaniako taldeak Paris Saint Germain izango du aurkari finalerdietan.
Bestalde, Arsenalek Sporting Portugal kanporatu du, (0-0) etxean, joaneko 0-1ekoaren ostean, eta Atletico Madrilen aurkaria izango da finalerdietan. Joaneko partida apirilaren 29an jokatuko da, asteazkenean, Metropolitanon, eta itzulikoa maiatzaren 5ean, asteartean, Emirates futbol-zelaian.
Horrenbestez, Sportingek askoz gehiago merezi izan duen arren, Arsenal Txapeldunen Ligako finalerdietan dago, bigarren urtez jarraian.
Kai Havanzek joaneko partidako luzapenean sartutako gol bakarrari esker, txapelketan bizirik jarraitzea lortu du Mikel Arteta donostiarrak zuzendutako taldeak.
Munichen golak bata bestearen atzetik sartzen zituzten bitartean, Londresen, partida biak jarraitzen zituztenek, partida biak kirol berekoak ote ziren galdetzen zieten beren buruei. Real Madril eta Bayern Munichen arteko norgehiagoka dibertigarria izaten ari zen, eta, bitartean, Arsenalek emaitzarekin espekulatzen zuen. Sportingek ate aurrean izan duen punteria falta gogotik ordaindu du. Portugalgo taldeak gutxienez luzapena behartzeko merituak egin ditu, baina ez du golik sartu eta ez du lortu.