Athleticen eta Realaren arteko derbia Errege Kopako finalerdietan
Joanekoa San Mamesen jokatuko da, eta itzulikoa, Anoetan. Beste finalerdian, Atletico Madrilek eta Bartzelonak neurtuko dituzte indarrak.
Errege Kopako finalerdiak. Argazkia: ETB
Athletic-Reala eta Atletico Madril-Bartzelona dira Errege Kopako finalerdietako bi kanporaketak, hori baita Madrilgo Las Rozasko Futbolaren Hirian ostiral honetan egindako zozketaren emaitza.
Joaneko partidak otsailaren 10a eta 12a bitartean jokatuko dira (oraindik zehaztu gabe daude ordutegiak), eta itzulikoak, berriz, martxoaren 3a eta 5a bitartean.
Euskal derbiari dagokionez, joaneko partida San Mamesen jokatuko da, eta itzulikoa, berriz, Anoetan.
Finala, berriz, apirilaren 18-19ko asteburuan jokatuko da, Sevillan, Cartuja futbol zelaian.
Erregina Koparen finalerdiak
Levante Badalona-Bartzelona eta Tenerife-Atletico Madril dira Erreginaren Kopako bi finalerdiak.
Finalerdiak partida bikoitzera jokatuko dira. Joaneko partidak martxoaren 10a eta 12a bitartean jokatuko dira (oraindik zehaztu gabe daude ordutegiak), eta itzulikoak, berriz, astebete geroago, hilaren 17a eta 19a bitartean.
Finala maiatzaren 16an jokatuko da, Las Palmasko Kanaria Handia estadioan.