ERREGE KOPA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bartzelonak eta Real Madrilek bana egin dute eta Bernabeun erabakiko da kanporaketa

Zuriak hasi eta berehala hartu dute aurre Lucas Vazquezen bidez. Bigarren zatian iritsi da etxekoen berdinketa, Malcomi esker.
Rakitic eta Marcelo
Rakitic eta Marcelo baloi baten lehian. Argazkia: EFE

Bartzelona eta Real Madril elkarren artean lehiatzen ari diren Errege Kopako lehen finalerdia Bernabeun jokatuko den bueltako partidan erabakiko da, bi taldeek bana (1-1) berdindu baitute asteazken honetan, Camp Noun izandako joaneko norgehiagokan.

Santiago Solari argentinarrak entrenatzen duen talde madrildarrak oso indartsu ekin dio neurketari, eta hala iritsi da, ia hasi eta berehala, Lucas Vazquezen gola. Etxekoek, ordea, bigarren zatira arte itxaron behar izan dute markagailua parekatzeko, Malcom brasildarraren eskutik.

Talde bakoitza partidako zati batean nagusitu da, eta horren adierazle garbia izan da noiz lortu dituzten golak batak eta besteak.

Hain justu ere, madrildarrak jaun eta jabe izan dira lehen zatian, baina batez ere hastapeneko 20 minutuetan. Dena den, zurien minutu on horiek ez dute jarraipenik izan lehia osoan zehar, eta katalanek partidaren aginte makila bereganatu dute bigarren 45 minutuetan.

Leo Messik azken ordu erdia eman du zelai gainean, baina ez da erabakigarria izan, bera zelairatu aurretik erdietsi baitu Malcomek Bartzelonaren berdinketaren gola.

Hartara, Valverderen taldeak ezinbestean sartu behar du golen bat Real Madrilen etxean txapelketako finalean egon nahi badu. Madrildarrei, ordea, hutsean berdintzeak balioko lieke Benito Villamarinek hartuko duen azken neurketa handira sailkatzeko.

Fitxa teknikoa:

Bartzelona 1: Ter Stegen, Semedo, Pique, Lenglet, Alba, Busquets, Rakitic (Arturo Vidal, 62. min), Arthur, Malcom (Aleñá, 75. min), Suarez eta Coutinho (Messi, 63. min).

Real Madril 1: Keylor Navas, Carvajal, Varane, Ramos, Marcelo, Marcos Llorente (Casemiro, 63. min), Modric, Kroos; Lucas Vazquez (Asensio, 83. min), Benzema eta Vinicius Jr (Bale, 63. min).

Golak: 0-1, 6. min: Lucas Vazquez. 1-1, 58. min: Malcom.

Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horiak: Semedo, Suarez, Alba eta Arturo Vidal (Bartzelona); Sergio Ramos eta Marcelo (Real Madril).

Zure interesekoa izan daiteke

AME773. MIAMI (ESTADOS UNIDOS), 18/07/2026.- Jugadores de Inglaterra celebran luego de recibir la medalla por el tercer lugar este sábado, tras enfrentar a Francia en el Mundial de la FIFA 2026 en el estadio Hard Rock en Miami (Estados Unidos). EFE/ Alberto Boal
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ingalaterrak hirugarren postua lortu du Frantziaren aurka (4-6), eta Mbappek historia egin du Munduko Txapelketetan

Ingalaterrako selekzioak 6-4 menderatu du Frantzia 2026ko Munduko Txapelketako hirugarren postua erabakitzeko partidan. Kylian Mbappek bi gol sartu ditu, eta, horri esker, Munduko Txapelketen historiako goleatzailerik onena bihurtu da, guztira 22 golekin. Bestalde, Bukayo Sakak, hat-trick bat eginda, Thomas Tuchelen taldearen garaipena gidatu du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X