Lagunartekoa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Jauregizarren golak garaipena eman dio Euskal Selekzioari Venezuelaren aurka (1-0)

Euskaldunek eraman dute jokoaren gidoia partidaren zati handienean, laugarren aldiz gailenduz selekzio hegoamerikarraren aurka.
BILBAO, 14/11/2026.- Los jugadores de la selección de Euskadi celebran el primer gol durante el encuentro amistoso que disputan este sábado Euskadi y Venezuela en el estadio de San Mamés, en Bilbao. EFE / Luis Tejido.
Jauregizar bere gola ospatzen. Argazkia: EFE

Mikel Jauregizarren golak garaipena eman dio Euskal Selekzioari larunbat honetan Venezuelaren aurka San Mamesen jokatutako lagunartekoan. Euskaldunek eraman dute jokoaren gidoia partidaren zati handienean, laugarren aldiz gailenduz selekzio hegoamerikarraren aurka.

Lehen minutuak erritmo motelean hasi dituzte bi selekzioek, baloia presarik gabe mugitzen eta elkarri neurria hartzen. Hala, jokoa zelaiaren erdigunean garatu da gehienbat, atezainek lan gutxi izan dutelarik.

Pixkanaka Euskal Selekzioak erasoaren ardura hartu du eta Venezuela atzean ixtea eragin du, baina kosta egin zaie arriskua sortzea. Are gehiago, lehen aukera argia bisitarien aldetik iritsi da. Erdiraketa batean, Quinterok burukada ona lotu du eta baloia Kepa Arrizabalagak babestutako ateko langara bidali du.

Jarraian, Aramburuk eta Savarinok jokaldi bateratu ona egin dute, azken horrek kanpora bidali duen jaurtiketarekin bukatu dena.

Euskaldunen erantzuna korner batean iritsi da, Larrazabalek aldaratzea harrapatu eta urruneko jaurtiketa batekin zortea probatu duenean. Ez du atea aurkitu, gutxigatik. Hala ere, hurrengo jokaldian Jauregizarrek markagailua ireki du. Arguibidek erdiraketa ona jarri dio eta Athleticeko erdilariak sarera bidali du baloia sorbaldarekin.

Partidak bizitasuna irabazi du eta venezuelarrak ere golaren bila jaurti dira. Izan dituzte aukerak, baina erremateek ez dute indar gehiegi eraman eta Kepak aise gelditu ahal izan ditu.

Atsedenaldira joan aurretik, Sancetek aukera paregabea izan du aldea handitzeko, bakar-bakarrik atezainaren aurrean, baina ez du ondo neurtu eta jaurtiketa gora joan da.

Bigarren zatirako Jagoba Arrasatek erabat eraldatu du hamaikakoa, denei jokatzeko aukera emateko; gauza bera egin du Oswaldo Vizcarrondok.

Venezuela hobeto aritu da, eta bisitariek izan dituzte aukera argienak. Jesus Ramirezek zutoinetik oso gertu bota du bere jaurtiketa, eta Lacavak ere gertu izan du gola. Marrerok merituzko pare bat geldiketa egin behar izan ditu.

Etxekoen aldetik, Pablo Ibañez izan du gol aukera bere oinetan, ate aurrean baloia jaso duenean oztoporik gabe, baina ez da fin ibili eta atezainak hankarekin estali du bere jaurtiketa. Horrez gain, zenbait aldiz lortu du Euskal Selekzioa aurkariaren areara hurbiltzea, baina ez du arrisku gehiegi sortu.

Aukerak aukera, markagailua ez da gehiago mugitu, eta Euskal Selekzioak garaipena lortu du San Mamesera gerturatu diren 40.000 zale baino gehiagoren aurrean.

Publizitatea
X
Publizitatea
X