EHF EUROPA LIGA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Esteban Salinasek Bidasoa garaipenera eraman du Hfanarfjordur talde islandiarraren aurrean (39-37)

Talde gipuzkoarrak hasiera ona eman dio Europa Ligari, talde islandiarraren aurka landutako garaipena lortu du eta. Esteban Salinas txiletarra nabarmendu da, bederatzi gol egin ditu, hain zuzen. Erasoko jokoa nabarmendu da partidan.

Irudek-Bidasoa-Irun-Hfanarfjordur-Liga-Europea
Artalekun jokatutako partidaren une bat. Irudia: EITB

Irudek Bidasoa-Irunek hasiera ona eman dio EHF Europa Ligari, Hfanarfjordur talde islandiarraren aurka garaipena landu eta bildu egin du eta. Esteban Salinas txiletarra nabarmendu da, bederatzi gol sartu ditu, hain zuzen. Bi taldeen erasoko jokoa defentsari gailendu zaio (39-37).

Irudekek bikain jokatu du lehen zatian, baina aurkaria orpoz orpo izan dute markagailuan, Gudjonsson eta Sigurgeirssonen kalitateari esker, besteak beste. Hala ere, defentsan gogor aritu dira eta enbarazu egin diete islandiarrei. Halandaze, Artalekuko markagailuan aurrea hartu dute.

Bidasoak, Niko Mindegia kantxan zela, aurrerapausoa eman du, atzelari nafarra joko puntu bikainean dagoelako, eta Salinas txiletarrarekin egin dituen jokaldiek etekina eman diote talde irundarrari. Martin Duquek, Bartzelonak utzitako jokalari apartak, lau goleko errenta egin du.

Atsedenaldiko abantaila horrekin, gipuzkoarrek nahi zuten tokian zegoen neurketa, baina Hafnarfjordur indargabetu beharra zegoen, eta Bidasoa horretan saiatu da bigarren zatian. Xabi Gonzalezek zazpi metroetatik distira egin du atsedenaldiaren ondotik.

Hafnarfjordur jota egon da (28-21), baina 0-4ko partzialak neurketan sartu du berriro Islandiako taldea, eta lanean jarraitzera behartu du Bidasoa. Azkenean, Martin Duqueren eta Salinasen besoek landutako eta merezitako garaipena eman diote talde irundarrari.

Publizitatea
X
Publizitatea
X