Bera Berak liga irabaz dezake asteburu honetan
Bera Bera Eskubaloi taldeak historiarekin hitzordua du larunbatean: BM Rocasa hartuko dute etxean eta garaipena lortzeak Ohorezko Mailako titulua emango lieke, denboraldia amaitzeko jardunaldi baten faltan.
Asteburu honetan huts eginez gero, hurrengo astean Castron jokatuko dute gipuzkoarrek. Kantabriarrek maila galduta dute dagoeneko, eta ez lukete arazo handirik izan behar bertan garaipena lortzeko.
Larunbat honetakoa klubaren historiako hitzordurik garrantzitsuenen artean dago eta zaleen babesa izatea espero dute, batez ere ordu berean Realaren eta Lagun Aroren partidarik ez dagoela ikusita.
Reyes Carrere eta Eider Rubioren agurrak
Bestalde, Reyes Carrere entrenatzailea eta Eider Rubio jokalaria azken aldiz izango dira Bidebietan; bata, taldea zuzentzen; eta, bestea, jokatzen.
Rubiok "urduritasuna" nabaritzen duela onartu du, baina, bere hitzetan "partida hastean urduritasun hori alde batera geratuko da".