Bermeo, Orio, Zierbena, Hondarribia, Getaria, San Juan eta Lekittarra sailkatu dira Kontxako Banderarako
Bermeo, Orio, Zierbena, Hondarribia, Getaria, San Juan eta Lekittarra klubek lotu dituzte Kontxako Banderarako txartelak, sailkatze estropadako zazpi onenak izan baitira. Horiek guztiak Donostiarrarekin batera ariko dira Kontxan nor baino nor gehiago irailaren 7ko eta 14ko bi jardunaldietan.
Bermeo izan da onena Kontxako badiako ur nahasietan, 21:01.40ko marka ezarrita. Orio izan da bigarren (21:11.04), 9 segundora, eta hirugarren amaitu du Zierbenak (21:13.94), ziabogaren ostean kontrola galdu duen arren; Bizkaiko taldeak horri buelta ematen jakin du, itzuliko luzean lan bikaina eginda, eta Kontxan arituko da.
Hondarribiak laugarren postuan amaitu du sailkatze estropada, 21:22.82ko denborarekin, eta segundo eskas bat gehiago behar izan du Getariak (21:23.64). Getariak baino bost segundo gehiago eginda(21:29.08), San Juan sailkatu da seigarren postuan, eta 8 urteren ostean Kontxako Banderarako borrokan izango da.
Kontxarako azken txartela ematen zuen zazpigarren postuan hainbat denbora eman du Lekittarrak, beste taldeek lanak amaitzeko zain. Lekeitioko taldeak 21:29.46ko marka ezarri du, zazpigarren postuari eutsi dio, eta, horrela, 26 urte geroago, Kontxako Bandera lehiatuko du berriro.
Txanden zozketa:
Sailkatze estropada bukatuta, irailaren 7ko lehen jardunaldirako txanden zozketa egin da. Lehen txandan, hauek arituko dira: Bermeo, Orio, Getaria eta Zierbena. Bigarrenean, berriz, beste hauek: Donostiarra, Lekittarra, San Juan eta Hondarribia.
Sailkatze estropadako sailkapena: