Arraun Lagunakek amaiera ezin hobea eman dio egindako liga bikainari, Zarauzko Ikurrina eskuratuta
Lugañene ontziak estropada eta bandera guztiak irabazita itxi du Euskotren Liga, aurrekaririk gabeko mugarri historikoa. San Juan izan da bigarren, eta Orio, hirugarren.
Arraun Lagunaken nagusitasuna ukaezina da. Aro bat markatzen ari da, eta miretsi eta gozatu besterik ezin da egin horren aurrean. Dena erabakita zegoen, baina Lugañenek aurrekaririk gabeko mugarri bat zuen oraindik: denboraldi berean Euskotren Ligako estropada guztiak eta bandera guztiak irabaztea. 2024an bandera guztiak irabazi zituen, baina Tolosaldeak erabateko nagusitasuna kendu zion Zarauzko Ikurrinaren bigarren jardunaldian garaipena lortuta.
Horrela, larunbateko lehen jardunaldian 3 segundoko errenta lortu ostean, Donostiako ontzia oso ausart atera da estropada irabaztera. San Juan bere aukera guztiak baliatzen saiatu da, baina 5 segundora helmugaratuta konformatu behar izan du. 16 estropada eta 15 bandera irabazi ditu aurten Arraun Lagunakek. Orio hirugarren sailkatu da Zarautzen, eta Tolosaldea bere mailatik urrun ibili da, beste helburu batzuk buruan zituela, akaso.
Horrekin batera, jaitsiera zuzena saihestu duela jakinda, Donostiarra beste animo batekin atera da lehen txandan arraun egitera. Hori eragiten du presioa gainetik kentzeak. Bantxak Euskotren Ligako postua defendatu beharko du iraileko play-offean, baina gozatzera atera dira denboraldiko azken estropadan.
Horrela, Kaiarriba lehenengo paladetatik jarri da estropadaren buruan, eta ez du askatu helmuga zeharkatu arte. Atzetik bizpahiru segundora izan du Hibaika (bigarren izan da), baina distantziak kontrolatzen. Astillero (sailkapen orokorreko lau onenen artean amaitu ahal izateko aukera zuen) hirugarren izan da. Zumaia, berriz, laugarren postuan sartu da gaur, gainerakoetatik urrun, ETE Ligara jaisteak min egin diela erakutsiz.
Euskotren Ligako estropada guztiak jokatuta, eta play-offaren faltan, Arraun Lagunakek bere bosgarren liga irabazi du, laugarrena jarraian, eta San Juanen errekorra berdindu du. Tolosaldea izan da bigarren, eta San Juan eta Orio ohorezko txandan ohiko bihurtu dira. Ondoren, Astillero, Hibaika, Donostiarra eta Zumaia sailkatu dira.
Azkenik, Tolosaldeko patroiak, Nerea Perezek, denboraldiko lan guztiaren saria jaso du, Euskotren Ligako patroi onenaren sailkapena irabazi baitu.