Hondarribiak hartu du abantaila Euskotren Ligako play-offean, eta Donostiarrak denbora asko galdu du
ETE Ligako txapelduna izan da azkarrena Bermeoko erlojupekoan, eta Zarautzek bigarren postuan bukatu du, 2 segundora. Donostiarrak, berriz, 12 segundoko atzerapena izan du, eta mailari eusteko borroka asko zaildu zaio.
Euskotren Ligako play-offeko lehen jardunaldian ez dira aurreikuspenak bete. Denboraldi honetan maila gorenean ibili den Donostiarra zen faborito nagusia, baina Hondarribiak, ETE Ligako txapeldunak, irabazi du estropada, saio bikaina eginda, eta abantaila hartu du igandean Portugaleteko uretan jokatuko den saio erabakigarrirako.
Ama Guadalupekoaren atzetik sartu dira Zarautz (+2), Donostiarra (+12) eta Tiran (+27).
Hasieratik, Hondarribia eta Zarautz parez pare joan dira buruan, ETE Ligako lehendabiziko traineruak, hain justu ere. Denboraldi guztian bezala, gaur ere lehia estua izan dute biek, baina azkenerako Ama Guadalupekoa gailendu da, 2 segundoko tartearekin, lanak 11 minutu eta 17 segundoan amaituta.
Donostiarra, ostera, aipatu bi ontzien atzetik ibili da une oro. Lehen luzean, hiruzpalau segundoko atzerapena izan du, eta bukaerakoan gehiago hondoratu da, eta 12 segundo galdu ditu helmugan.
Horrenbestez, igandeko saio erabakigarrian estropada perfektua egin beharko du Bantxa ontziak, datorren denboraldian arraunaren elitean jarraitu nahi badu.
Bestalde, Tiran Galiziako ordezkariak hartu du parte Euskotren Ligarako play-offean, eta aukerarik gabe gelditu da lehen jardunaldian, azken tokian sailkatu baita, ia minutu erdiko atzerapena pilatuta.