FABRIKA BANDERA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bi mila euroko isun proposamena Fabrika Banderan arraun egiteari uko egin zioten klubei

Astillerok, Arraun Lagunakek, Hibaikak, Oriok, Tolosaldeak eta Zumaiak dute zigorra jasotzeko arriskua.

Euskotren Liga

Tolosaldea, Euskotren Ligan. Irudia: Aitor Arrizabalaga/TKE

TKEko Diziplina epaileak uztailaren 25erako aurreikusita zegoen Fabrikako Banderan arraun egiteari uko egin zioten klubek zer isun izango duten berri eman du: Astillerok, Arraun Lagunek, Hibaikak, Oriok, Tolosaldeak eta Zumaiak 2.000 euroko zigorrari egin beharko diote aurre, EiTBk jakin duenaren arabera.

TKEko Diziplinako epaile bakarrak prozedura bat ireki zuen abuztuaren 3an. Honakoa adierazten zuen epaile bakarraren erabakiak: “Klubetako entrenatzaileek, ordezkarien bilera egiten ari zirela, jarduera bateratuan, adostu zuten estropada jokatzeari uztea. Gerora, sei parte-hartzailek, denek San Juanek eta Donostiarrak izan ezik, gunetik alde egin zuten, traineruekin, hasiera batean estropada jokatzeko zehaztuta zegoen orduaren aurretik. Hasiera ordua iritsita, atzeratzea adostu zuten. Gerora, behin betiko bertan behera utzi zen estropada”.

Epaileak "arau-hauste larritzat" jo zuen gertaera hori, Diziplina Erregelamenduaren 14 f) artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, “TKEren irudirako zein interesetarako kaltegarriak diren edo TKErako, TKEren zuzendaritza organoetarako zein elkartearekin lotutako pertsonekiko begirunerik eza edo iraina izan litezkeen jarduerak egiteagatik edo adierazpen publikoak egiteagatik”.

Ebazpen-proposamenean, epaileak erabaki du 2.000 euro banako isuna ezartzea sei klubei, Diziplina Araudiaren 17. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Hala ere, ebazpenak ezartzen du kargu-orria eta ebazpen-proposamena jakinarazi behar zaizkiela sei klubei, eta bost egun balioduneko epea eman du egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X