Hondarribiko Bandera
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Oriok Hondarribia gainditu du hamargarren bandera eskuratzeko

Bestalde, Hondarribiak estropada bikaina osatu du etxeko uretan, eta bigarren sailkatu da.

Orio Hondarribiako banderarekin
Orioko arraunlariak bandera ospatzen. Argazkia: EITB

Oriok ez du erritmoa jaisten Eusko Label Ligan, eta igande honetan ere bere nagusitasuna erakutsi du Hondarribiko XXXIX. Bandera ere irabazita. Bestalde, Hondarribiak estropada bikaina osatu du etxeko uretan, eta bigarren sailkatu da.

Ohorezko txandak betiko gidoia izan du, baina oraingoan Ondarroa eta Donostiarra izan dira bertan. Oriok ez du aurkaririk izan, eta Hondarribiak bigarren txandan egindako denbora gainditzea izan du jomugan. Zierbenak aurre egin ziezaiokeela zirudien, baina saiakera ezerezean geratu da. Hala, Oriok 10. bandera irabazi du, 20 minutu eta 6 segundoko denbora eginda. Hondarribia sailkatu da bigarren, 9 segundora, eta Zierbena izan da hirugarren, 14ra.

Bigarren txandan egon da zeresanik, Hondarribiak eta Bermeok ezustekoa eman baitute. Ama Guadalupekoak aurrea hartu du hasieratik, Lekittarra oso gertu zuela. Bermeo ohi baino makalago ibili da, eta Santurtzi atzean geratu da.

Soterak arazoak izan ditu, brankaria arrauna aldatzen ari zela arraun txikia uretara erori baitzaio. Hondarribiak etxeko urak ondo ezagutzen dituela erakutsi du, eta lehena izan da 20 minutu eta 15 segundoko denbora eginda. Bermeo eta Lekittarra nor baino nor gehiago aritu dira, eta batera bukatu dute estropada. Isuntza nagusitu da azkenean, 6 ehunen gutxiago behar izan baititu helmugara iristeko.

Getariak ez zuen egun ona izan Ondarroako uretan, eta, azken postuetan geratzearen ondorioz, Hondarribiko estropadan lehen txandan irten behar izan da. Beste maila batean dagoela erakutsi du bertan, lehen ziabogaren ostean atzean utzi baititu Chapela, Ares eta San Juan.

Gainera, azken horrek arazoak izan ditu; izan ere, bigarren ziabogan brankaria erori egin da ontzi barruan, eta denbora oso baliotsua galdu du. Hala, Getaria alde handiarekin helmugaratu da lehen postuan, 20 minutu eta 29 segundoko denbora eginda, eta San Juan azkena izan da, 43 segundora.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X