Orio koroatu da Bueun ere, Zierbenak aurre egin dion arren
Oriok izan da erregea Galiziako uretan asteburu honetan, igande honetan Bueun lehiatu den Concello Bandera ere irabazita. Oraingoan, Zierbenak zailtasunak jarri dizkio San Nikolas ontziari, azken luzeetara arte aurretik ere jarriz, baina azkenean Gorka Aranberrik gidatutako trainerua gailendu da.
Haizea gorantz joanda, ohorezko txandan irten diren traineruek lan gogorra izan dute aurretik. Oriok agintean hasi du estropada, baina Zierbenak jardunaldi onak egin ohi ditu Galizian eta, oraingoan ere, aurre egiteko gai izan dira. Bien arteko borroka zuzenean egon da estropadako emozioa, Bermeo eta Hondarribia lehen minutuetan geratu baitira atzean.
Hirugarren ziabogan egon da gakoa. Hortxe hartu du Oriok abantaila eta, tartea txikia izan arren, Zierbena ez da berriz bere mailan jartzeko gai izan.
Hala, Oriok irabazi du 19:36 minutuko denborarekin, Zierbena 4 segundora helmugaratu da eta hirugarren Hondarribia izan da, 15 segundora.
Bigarren txandan, Getariak bere eginbeharrak bete ditu. Ondarroarekin batera, txandaren buruan ibili da, uretan eroso nabari izan direlarik. Buelta eman nahi izan dio larunbatean ohorezko txandatik errotzea eragin zion jardunaldi txarrari, eta 19:54 minuturekin laugarren denborarik onena lortu du.
Lehen txandakoek izan dituzte arraunean aritzeko baldintza hobeenak, haize gutxi eta itsasoa lasai egon baita. Hala, Lekeitio 20:01 minutuko denbora onarekin gailendu da, Donostiarraren aurretik, Ares 2 segundora soilik heldu delarik.
Bestalde, Santurtzik larrutik ordaindu ditu egindako bi akatsak, jardunaldia hondatu baitiote. Azkena izan da Sotera ontzia, 38 segundora, ez diona batere laguntzen sailkapen nagusiko beheko postuei begira.