San Juan eta Donostiarra arraunaren maila gorenean lehiatuko dira datorren denboraldian
Emakumezkoen arraunaren maila gorenera igotzeko Portugaleteko uretan jokatutako bigarren eta azken estropadan, San Juan nagusitu da, Donostiarrak baino 3 segundo gutxiago, Zarautzek baino 8 gutxiago, Chapelak baino 15 gutxiago eta Tiranek baino 30 gutxiago eginda.
Play-offeko 1. jardunaldian, Bermeon, Donostiarra nagusitu zen erlojupeko parekatuan, 2 segundo baino gutxiago aterata San Juani, 4 segundo Zarautzi, 23 segundo Chapelari eta 44 Cabori. Horrela, Bantxa trainerua puntu abantailarekin atera da bigarren jardunaldian.
Lehenengo ziabogan, San Juan eta Zarautz izan dira nagusi, 05:14ko denbora eginda, Donostiarra, Chapela eta Tiranen aurretik; izan ere, Donostiarrak 05:16ko denbora egin du. Chapelak eta Tiranek, berriz, 3 eta 8 segundo gehiago behar izan dituzte hurrenez hurren.
Bigarren eta azken luzean, ostera, San Juanek aldea handitu du, eta denborarik onena egin du helmugan: 10 minutu, 34 segundo eta 04 ehunen. Donostiarrak ere estropada ona egin du, baina 3 segundo gehiago behar izan ditu. Irabazleak 8 segundo atera dizkio Zarautzi, 16 Chapelari eta 30 Tirani.
Bi jardunaldietako emaitzei erreparatuta, eta puntu batuketa eginda, San Juanek eta Donostiarrak 9 puntu pilatu dituzte, Zarautzek 6, Chapelak 4 eta Tiranek 2.
Ondorioz, San Juan eta Donostiarra Euskotren Ligan lehiatuko dira datorren denboraldian. Zarautz, Chapela eta Tiran, aldiz, ETE Ligan arituko dira berriro.