Donostia Arraun Lagunak eta Bermeo Urdaibai dira Traineruen Euskadiko txapelketako irabazleak
Donostia Arraun Lagunak eta Bermeo Urdaibai dira Traineruen Euskadiko txapeldunak. Ohikoa den moduan, emakumezkoen estropadak zabaldu du jardunaldia, eta lehen txandan irten den Arraun Lagunak nagusitu da hasieratik. Lehen ziabogara iristen azkarrena izan da Laugañene, 6:02an iritsita, Orio baino 15 segundo lehenago. Hirugarren sailkatua, Hondarribia, bigarren iritsi da ziabogara, Arraun Lagunak baino 10 segundo beranduago. Helmugan, Arraun Lagunakek 11:20an gelditu du kronometroa, Orio 17 segundora iritsi da eta Hondarribia 21 segundora.
Gizonezkoen txandan, bestalde, Bermeo Urdaibaik eraman du ikurrina. Estropada guztian zehar azkarrena izan da Bou Bizkaia. Bigarren txandan irtenda, lehenengo txandako irabazlea izan den Orioren marka guztiak hobetu dituzte bizkaitarrek. Azkenerako, helmugan, Urdaibaik 20:55eko denbora egin du, Oriok 18 segundo gehiago behar izan ditu. Hirugarren sailkatua, Donostiarra, 31 segundora helmugaratu da.