2024ko Donostiako Klasikoa: ibilbidea, profila eta ordutegia
2024ko Donostiako Klasikoa larunbatean jokatuko dute, hilaren 10ean, 236 kilometroko ibilbidea izango du, 10:46an hasiko da, Donostian, Tolosa Etorbidean, eta antolatzaileen aurreikuspena da irabazleak 16:33etik 17:08ra bitartean zeharkatzea Kursaal Jauregiaren aurrean izango den helmuga. EITBk zuzenean emango du lasterketaren 43. ekitaldia, 14:30etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en bidez; aurtengo berritasun nagusia Pilotegirako igoera izango da; azken kilometroetan egingo dute hori, eta % 27rainoko maldak ditu mendate gogor horrek.
Urtero bezala, Euskal Herrian jokatzen duten WorldTour mailako egun bateko lasterketa bakarrak (goreneko maila hori Euskal Herriko Itzuliak ere badu) parte-hartze bikaina izango du. Iragarrita dago proban izango direla Jonas Vingegaard eta Sepp Kuss (Visma-Lease a Bike), Marc Hirschi (UAE), Maxim Van Gils (Lotto Dstny), Neilson Powless (EF Education), Romain Bardet (DSM), Simon Yates (Jayco), Daniel Felipe Martinez (Red Bull) eta Julian Alaphilippe (Soudal Quick-Step), besteak beste. Euskal Herriko txirrindularitzari dagokienez, Mikel Landa (Soudal), Alex Aranburu (Movistar), eta Jon Izagirre (Cofidis) arituko dira, bai eta Jonathan Castroviejo eta Omar Fraile (INEOS Grenadiers), Jonathan Lastra eta Gorka Izagirre (Cofidis), Igor Arrieta (UAE) eta Markel Beloki (EF Education) ere, eta Euskaltel-Euskadi, Kern Pharma eta Caja Rural-Seguros RGA taldeak ere bai.
Remco Evenepoel olinpiar txapeldunaren lekukoa hartuko du irabazleak; belgikarrak 2019an, 2022an eta 2023an eskuratu zuen garaipena Klasikoan. Txirrindulari guztiak Gipuzkoako hiriburuan hasiko dira lanean, eta, jarraian, Hernanin, Andoainen eta Villabonan izango dira, puntuagarriak diren probako mendateetako aurrenekoa igo aurretik; 3. mailako Andatzarrate izango da hori, 27,7. kilometroan. Lasterketa, gerora, Zarautzen, Zumaian, Itziarren eta Deban izango da, eta ondoren Azkarate igoko dute; 2. mendatea da hori, 7,9 kilometrokoa, eta, batez beste, % 5,6ko malda du. 86,9. kilometroan utziko dute atzean.
Azpeitira abiatuko dira gero, eta Urraki igoko dute; 2. mailako mendatea da, 107,7. kilometroan dago, eta, batez beste, % 6,9ko malda du. Ziklistak Tolosa joango dira jarraian, eta 3. mailako Alkiza mendatea iritsiko da. 158,9. kilometroan, Donostian, Klasikoaren lehenengo esprint berezia jokatuko dute, 2. mailako Jaizkibel mendateari aurre egin baino lehen. Jaizkibelek 7,9 kilometro ditu, eta % 5,6ko malda.
Irunen izango da proba, lasterketa zatiko erabakigarria hasteko. 1. mailako Erlaitz 195,2. kilometroan izango da, eta % 10,6ko malda du. Donostian, bigarren esprint berezia jokatuko dute, eta orduan helduko da Pilotegi. Bi kilometroko mendatea da, laburra, baina biziki gogorra: batez beste, % 11,7ko malda, eta % 27rainoko aldapak ere baditu.
Mendatetik jaitsita, txirrindulariak helmugan izango dira, Donostian. Bertan jakingo dugu nork irabazi behar duen aurtengo Donostiako Klasikoa.
Jarraitu 2024ko Donostiako Klasikoa EITBn, zuzenean, eitb.eus-en eta ETB1en bidez, 14:30etik aurrera.
Lasterketako profila
Fitxa teknikoa
Data: abuztuak 10
Ibilbidea: Donostia-Donostia
Distantzia: 236 kilometro
Irteera ordua: 10:46
Iritsiera ordua: 16:33 (42 km/h) | 16:50 (40 km/h) | 17:08 (38 km/h)
Mendiko Saria: Andatzarrate (3. maila), 27,7. kilometroan; Azkarate (3. maila), 86,9. kilometroan; Urraki (2. maila), 107,7. kilometroan; Alkiza (3. maila), 128,2. kilometroan; Jaizkibel (2. maila), 175,5. kilometroan; Erlaitz (1. maila), 195,2. kilometroan; Pilotegi (2. maila), 228,4. kilometroan.
Lasterketako mapa
Zure interesekoa izan daiteke
Natnael Tesfatsionek irabazi du Getxoko Zirkuitua
Natnael Tesfatsion (Movistar) eritrearra nagusitu da 2026ko Getxoko Zirkuituan. Azken metroetako esprint estuan erabaki da garailea, eta euskal txirrindulari ugari izan dira lasterketa bereganatzeko lehian. Helmugan, baina, eritrearra izan da azkarrena, Pau Miquel (Bahrain Victorious) kataluniarra izan da bigarren eta Alex Aranburu (Cofidis) euskalduna, hirugarren.
Ion Izagirre: “Erlaitzen ikusi dut ez nengoela onenekin egoteko moduan"
Ion Izagirrek azkeneko aldiz parte hartu du Donostiako Klasikoan. Gipuzkoarra saiatu da, baina ez du bere egun onena izan.
Ion Izagirre, Pello Bilbao eta Bauke Mollema omendu dituzte Donostian azkenekoz aritu ostean
Hirurak denboraldi honen amaieran erretiratuko direla eta, Donostiako Klasikoaren helmugan bildu diren zaleen omenaldia jaso dute.
Pello Bilbao: “Podiumaren lehiatik hain hurbil egotea sorpresa izan da niretzat"
Bizkaitarrak bosgarren egin du Donostiako Klasikoan bere azken parte hartzean. Podiumetik hain gertu geratu izanak amorrua eman diola onartu du.
Evenepoel, Donostiako Klasikoko errege
Remco Evenepoel txirrindulari belgikarrak laugarrenez irabazi du Donostiako Klasikoa, esprintean Richard Carapaz ekuadortarra menderatuta. Horrela, Red Bull-BORA-Hansgrohe taldeko txirrindulariak historia egin du Donostiako Boulevardean laugarrenez txapela jantzita. Pello Bilbao, bere aldetik, bosgarren postuan helmugaratu da.
Lasterketa erabaki duten azken kilometroak!
Remco Evenepoelek erasoa jo du eta berak egin du lasterketako onenen aukeratketa. Azken kilometroan bera eta Richard Carapaz lehiatu dira nor baino nor gehiago. Pello Bilbaok bosgarren egin du bere azken partaidetzan.
Donostiako Klasikoan arituko diren txirrindulariak eta taldeak aurkeztu dituzte
Larunbat honetan Donostiako Klasikoa lehiatuko da. Bertan, Euskaltel-Euskadi, Caja Rural eta Kern Pharma euskal taldeak arituko dira, baita Pello Bilbao, Ion Izagirre edo Xabier Mikel Azparren euskal txirrindulariak ere, besteak beste. Honela joan da aurkezpen ekitaldia.
Primoz Roglic baja izango da Donostiako Klasikoan eta Burgosko Itzulian, auto batek harrapatu baitu
Red Bull – BORA – hansgrohe taldeko txirrindulariak istripua izan du duela egun batzuk, esloveniarrak berak sare sozialetan baieztatu duenez.
Donostiako Klasikoak erakusleiho izaten jarraitzen du txirrindulari handientzat
Donostiako Klasikoko parte-hartzaileen zerrendan izen ospetsuak agertzen dira. Michal Kwiatkowski edo Remco Evenepoel bezalako izarrek, besteak beste, Donostiako helmugan arrakasta errepikatzea bilatuko dute.
ZUZENEAN: Donostiako Klasikoa, Donostia-Donostia (221,1 km)
Donostiako Klasikoaren 45. edizioaren zuzeneko emanaldia.