Wout van Aertek lepauztai bat eta saihets-hezur batzuk ditu hautsita, Flandrian Zehar proban erorikoa izanda
Wout van Aert Visma Lease a Bike taldeko txirrindulari belgikarrak eskuineko lepauztaia eta saihets-hezur batzuk ditu hautsita, asteazkenean Flandrian Zehar lasterketan izandako erorikoaren ondorioz, bere taldeak baieztatu duenez. Hala, Van Aertek, Vismak zehaztuta, ezingo du Flandriako Itzulia jokatu, igandean, ezta apirilaren 7ko Paris-Roubaix lasterketa eta apirilaren 14ko Amstel Gold Race proba ere.
Belgikarrak Flandrian Zehar lasterketan izan du erorikoa, helmugarako 67 kilometro gelditzen zirela (Matteo Jorgenson taldekideak irabazi du lasterketa); puntu horretan, Van Aert errepidean zegoen erreten baten gainetik igaro da, bizikletak dar-dar egin du, segituan jauzi da, eta hainbat txirrindulari erori dira.
"Ospitalean, diagnostikatu diote lepauztai bat eta saihets-hezur batzuk dituela hautsita. Ez dago argi nolako denbora beharko duen sendatzeko. Segurua da ezingo dela aritu Flandriako Itzulian, Paris-Roubaix lasterketan eta Amstel Gold Race lasterketan", adierazi du Vismak, X sare sozialean zabaldutako mezu baten bidez.