Mathieu van der Poelek irabazi du Glasgowko Munduko Txapelketa, erakustaldia eginda
Mathieu van der Poel txirrindulari herbeheretarrak irabazi du, igandean, 2023ko Errepideko Munduko Txirrindularitza Txapelketa, Glasgown (Eskozia), lasterketan erakustaldia eginda; izan ere, bakarka helmugaratu da Van der Poel, eta minutu eta erditik gorako aldea atera die helmugaratu diren hurrengo ziklistei. Wout van Aert belgikarra izan da bigarren (zilarrezko domina), eta Tadej Pogacar esloveniarra sartu da hirugarren (brontzezko domina). Pogacarrek Mads Pedersen danimarkarra menderatu du hirugarren posturako esprintean. Horrenbestez, Van der Poelek lehen aldiz lortu du errepideko munduko txapelduna nabarmentzen duen ortzadar maillota.
Van der Poelek (28 urte) aurreneko aldiz bereganatu du urrezko domina Errepideko Munduko Txapelketan, baina, igandean lortutakoa zenbatuta, sei aldiz eskuratu du lehen postua Munduko Txapelketa batean, ziklo-krosekoa bost aldiz irabazi baitu. Otsailean, Hoogergeiden, ziklo-kroseko Munduko Txapelketan, Van der Poel eta Van Aert helmugaratu ziren, ordena horretan, aurreneko bi tokietan, baita 2015ean, 2019an eta 2021ean ere. 1985ean irabazi zuen azkenengoz Herbehereetako gizonezko txirrindulari batek Errepideko Munduko Txapelketa: Joop Zoetemelk mitikoa izan zen, eta Italiako Giavera del Montellon erdietsi zuen garaipen hura.
Van der Poelek Glasgown lortutako garaipena ikusgarria izan da, gogoan izateko modukoa. Amaierarako 22 kilometro geratzen zirela jo du erasoa; Alberto Bettiol italiarra zebilen ihes eginda pixka bat lehenago, eta herbeheretarrak Van Aert, Pogacar eta Pedersen utzi ditu atzean, baita Bettiol bera ere. 22 kilometro horietan, 1:37ko aldea atera dio Van Aerti; Pogacar eta Pedersen, berriz, 1:45era helmugaratu dira. Aurretik, helmugarako 16 kilometro falta zituztenean, Van der Poel erori egin da bihurgune batean; herbeheretarra, baina, segituan igo da berriro bizikletan, gogor jo du aurrera, eta ez die inolako aukerarik eman atzetik zituen aurkariei. Munduko txapeldun berriak Remco Evenepoel belgikarra ordezkatuko du tropelean ortzadar elastikoarekin.
Kirol arlotik kanpoko gertaera bat ere izan da lasterketan, Van der Poel nagusitu aurretik; izan ere, 40 bat minutuz eten dute proba, manifestari batzuen protesta dela eta. Helmugarako 190 kilometro falta zirenean, ordurako 80 bat eginda zituztenean, hainbat lagunek euren burua itsasi egin dute, itsasgarria erabiliz, errepidean, Carron Valley inguruan.
Eskoziako Poliziak ordubete baino gutxiago behar izan du errepidea husteko, eta bost lagun atxilotu ditu. This is Rigged ingurumen taldeak aldarrikatu du ekintza. INEOS petrolio enpresaren aurkakoa izan da protesta; INEOSek UCI WorldTour mailako talde bat babesten du, eta, besteak beste, Omar Fraile eta Jonathan Castroviejo dabiltza talde horretan. Tropelak irteera neutralizatua egin du, lasterketa berriro abiatzeko.
Etenaldi hori izan baino lehen, hamar bat txirrindulari zebiltzan ihes eginda. Lasterketa berriro abiatu denean, ordea, erritmoa bizitu egin da, eta hainbat ziklista ahalegindu dira aurrera egiten, Evenepoel, Van der Poel bera eta Neilson Powless estatubatuarra, tartean.
Jonathan Narvaez ekuadortarra helmugarako 42 kilometro falta zirenean erori eta gero, lau txirrindulari geratu dira buruan, eta Van der Poelek eskuratu du sari nagusia azkenean, helmugarako 20 kilometro pasatxo falta zirenean eraso jo eta aurrera eginda.
Errepideko Munduko Txapelketan parte hartu duten Euskal Herriko txirrindulariei erreparatuta, Alex Aranburu izan da onena; Ezkio-Itsasoko ziklista 19. postuan helmugaratu da, 08:30era, eta emaitza ona lortu du. Ion Izagirrek eta Xabier Mikel Azparrenek ezin izan dute lasterketa amaitu.
2023ko Errepideko Munduko Txirrindularitza Txapelketa: sailkapena
1 - VAN DER POEL Mathieu (Herbehereak) 6:07:27
2 - VAN AERT Wout (Belgika) +1:37
3 - POGACAR Tadej (Eslovenia) +1:45
4 - PEDERSEN Mads (Danimarka) d. b.
5 - KÜNG Stefan (Suitza) +3:48
6 - STUYVEN Jasper (Belgika) d. b.
7 - DINHAM Matthew (Australia) d. b.
8 - SKUJINŠ Toms (Letonia) d. b.
9 - BENOOT Tiesj (Belgika) d. b.
10 - BETTIOL Alberto (Italia) +4:03
19 - ARANBURU Alex +8:30
Zure interesekoa izan daiteke
Usoa Ostolazak, Igor Arrietak eta Markel Belokik Montrealgo Munduko Txapelketa jokatuko dute, errepideko lasterketan
Emakumezkoen proba irailaren 26an jokatuko dute, larunbatez; gizonezkoena, ordea, irailaren 27an izango da.
Alex Aranburuk irabazi du Bretainiako Klasikoa
Ezkioko txirrindulariak erasora jo du helmugarako bi kilometro falta zirenean, Plouayn hasi eta amaitu den 228 kilometroko ibilbidea lehen postuan bakarrik amaitzeko.
Isaac del Torok irabazi du Alemaniako Itzulia eta Paul Magnierrek azken etapa
Mexikarrak lidergoa mantentzea lortu du Alemaniako Itzuliko laugarren etapan, eta Paul Magnier frantziarrak azken esprint estu batean irabazi du etapa hau. Hemen dago etapa honen azkeneko kilometroa.
Pellizzarik irabazi du hirugarren etapa eta Del Toro lider jarri da berriro Alemaniako Itzulian
Red Bull-Bora taldeko txirrindulari italiarrak eta UAE taldeko mexikarrak elkarrekin egin dituzte azken kilometroak, tropelari aurrea hartuta, eta Del Torok Pellizzariri eman dio garaipena helmugan.
Alex Aranburuk bigarren egin du, Limousingo Tourrean
Cofidis taldeko euskal txirrindularia, 2022ko irabazlea eta Limogesen amaitu den azken etapan bigarren izan dena, Ewen Costiou (Groupama) irabazlearengandik 15 segundora geratu da sailkapen nagusian.
Alessio Magagnottik irabazi du Alemaniako Itzuliko bigarren etapa
Italiarraren atzetik, Paul Magnier izan da azken esprint estuan helmugaratu den hurrengo txirrindularia.
Ziortza Villa: “Austriako Europako Txapelketa nire kirol ibilbideko erronka handienetako bat da"
Ultrafondista bizkaitarra nekaezina da. Ultraziklismoko 12 orduko modalitatean Europako txapeldun izan ondoren, Kroazian, Ziortza Villak bere espezialitatea zertan datzan azaldu du, baita izango dituen hurrengo erronkei begira izan duen prestaketaren xehetasunak ere. Abuztuaren amaieran Austrian jokatuko den 1000km-ko Europako Txapelketan arituko da eta azaroan Floridan jokatuko den Munduko Txapelketan.
Louis Barré bakar-bakarrik helmugaratu da Schwäbisch Hallen
Louis Barré (Visma) frantziarrak lortu du Alemaniako Itzuliko lehen etapako garaipena, bakar-bakarrik helmugaratu da Schwäbisch Hallen. Isaac del Toro (UAE) izan da bigarren 16 segunduko aldearekin. Giule Ciccone (Lidl-trek) izan da hirugarren.
Isaac del Torok irabazi du Alemaniako Itzuliaren aitzin-etapa
Isaac del Toro (UAE) irabazi du Alemaniako Itzuliaren aitzin-etapako erlojupekoa. Paul Magnier (Soudal) izan da bigarren, 1,73” atera dizkio mexikarrak. Laurenz Rex (Soudal) izan da hirugarren, liderrarekiko 1,05 segundoko desberdintasunarekin.
2026ko Alemaniako Itzuliaren etapa guztien profilak eta ibilbideak
Alemaniako Itzulia abuztuaren 19tik 23ra bitartean jokatuko da, eta Bad Orben hasi eta Heilbronnen amaituko da. EITBk lasterketaren bost jardunaldiak, zuzenean, eskainiko ditu.