Fredrik Dversnes norvegiarrak garaipen handia lortu du Milanen, ihesaldia azkeneraino eramanda
Martin Marcellusi (Bardiani), Mattia Bais (Polti), Mirco Maestri (Polti) eta Fredrik Dversnes (Uno-X) txirrindulariek helmugaraino eraman dute eguneko ihesaldia. Tropelak ezin izan ditu harrapatu, eta txirrindulari norvegiarra gailendu da esprintean.
Fredrik Dversnes (Uno-X) txirrindulari norvegiarra, helmuga lehen postuan zeharkatzen.
Fredrik Dversnes (Uno-X) txirrindulari norvegiarrak irabazi du Milanen bukatu den Italiako Giroko 15. etapa, berarekin batera eguneko ihesaldian izan diren Martin Marcellusi (Bardiani), Mattia Bais (Polti) eta Mirco Maestri (Polti) italiarrak esprintean menderatuta.
Tropelak gutxietsi egin ditu, eta ezin izan ditu harrapatu, azkeneraino saiatu bada ere. Horrenbestez, esprinter handiak garaipena lehiatu gabe geratu dira.
Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan, eta, hortaz, Jonas Vingegaardek (Visma) liderraren elastikoari eutsi dio.
Gaurko etapa Voghera eta Milan artean lehiatu da, eta txirrindulariek 157 kilometro egin behar izan dituzte. Ibilbidea erabat laua izan da, esprinterrentzako egokia.
Eguneko ihesaldia lau lagunek osatu dute. Etapa hasi eta 5 kilometrora, Martin Marcellusi (Bardiani), Mattia Bais (Polti) eta Mirco Maestri (Polti) txirrindulari italiarrek aurrera jo dute, eta Fredrik Dversnes (Uno-X) norvegiarra batu zaie.
Hiru minutuko tartea izatera iritsi dira, baina tropelak kontrolpean izan ditu une oro, talde askok baitzuten begiz jota Milango etapa. Horrela, Jonathan Milan (Lidl-Trek), Paul Magnier (Soudal) eta Dylan Groenewegen (Unibet) esprinterren taldekideak tropelaren buruan jarri dira, aldea murrizteko asmoz.
Etapako azken 50 kilometroak Milanen barrena egin dituzte, hiri barruko zirkuitu bati 4 itzuli emanda. Ordurako, tropela 2 minutura hurbildu zaio lasterketa buruari.
Edonola ere, iheslariak bikain aritu dira elkarlanean, oso azkar joan dira, eta, atzetik, tropel nagusian taldeak urduritzen hasi dira, kilometroak egin ahala iheslariak harrapatu ezinik ari zirela ikusita. Halabeharrez, esprint bideratzaileak ere lanean jarri dituzte, ihesaldia ezerezean uzten saiatzeko.
Azken kilometroak zirraragarriak izan dira. Jazarpenean aritu dira tropela eta iheslariak, baina gaurkoan ez dira aurreikuspenak bete, eta iheslariak tropela baino gehiago izan dira, segundo gutxi batzuengatik izan bada ere.
152 kilometro lasterketaren buruan egin eta gero, garaipena iheslarien artean jokatu dute, eta esprintean Dversnes izan da azkarrena; Maestri, Marcellusi eta Bais italiarrak, berriz, bigarren, hirugarren eta laugarren sailkatu dira, hurrenez hurren.
Bestalde, antolatzaileek lasterketa neutralizatu dute Milango zirkuituko azken itzulian sartu direnean, txirrindularien segurtasuna bermatze aldera, eta, horrenbestez, bertan hartutako denborak hartu dituzte kontuan sailkapen nagusirako.
Zure interesekoa izan daiteke
Volleringek erakustaldia eman du azken etapan bere lehen Giroa irabazteko
Volleringek irabazi du Giroko etapa nagusia, eta Van der Breggenek lidertzari eutsi dio
Celia Gery gailendu da esprintean, eta liderrak erorikoa izan du
Elisa Balsamok garaipen pokerra lortu du Brescellon