Vollering nagusi, Belleville-en-Beaujolaisko kaosean, eta Reusserrek lider jarraitzen du
Bestalde, Usoa Ostolaza zarauztarrak (Laboral Kutxa-Euskadi) egun gogorra izan du, etaparen hasieran erori egin baita. Txirrindulari gipuzkoarrak lasterketan jarraitu du, baina laster geratu da atzean.
Demi Vollering herbeheretarrak (FDJ), Marlen Reusser suitzarrak (Movistar) eta Kasia Niewiadoma poloniarrak (Canyon) esprintean jokatu dute garaipena Frantziako Tourreko bosgarren etapan, Mâcon eta Belleville-en-Beaujolais artean jokatu dena (140 kilometro). Hiru txirrindulari horiek izan dira indartsuenak. Azkenean, herbeheretarrak bereganatu du txapela.
Volleringek, sailkapen nagusiko bigarrenak, ez zuen Grande Boucleko etaparik irabazi 2024ko ediziotik. Herbeheretarra funtsezkoa izan da sailkapen nagusiko faboritoen taldea hausteko, baina ezin izan du Reusser atzean utzi.
Txirrindulariek ez zuten lehen mailako mendate bakar bat ere egin behar, baina ordeka kilometrorik ere ez zuten izango kasik. Zortzi mendate puntuagarrik (bigarren mailako hiru, hirugarren mailako bi eta laugarren mailako hiru) osatzen zuten ibilbidea.
19 txirrindularik osatu dute eguneko ihesaldia, horien artean, mendiko liderra, Puck Pieterse herbeheretarra (Fenix-Premier Tech). Eguneko mendateak aprobetxatu ditu (zortzi, guztira) puntu gehiago lortzeko eta maillot pikarta izaten jarraitzeko.
Izen handiko txirrindulari asko ihesaldian sartu dira, hala nola Antonia Niedermaier (Canyon) eta Liane Lippert (Movistar) alemaniarrak, Dominika Wlodarczyk poloniarra (UAE) eta Niamh Fischer-Black zeelandaberritarra (Lidl-Trek).
Eguneko azkenaurreko mendatean, Col de Durbizen, ihesaldiaren abantaila minutu bat baino gutxiagokoa zen. Atzetik, Demi Volleringek erritmoa bizitu du talde nagusian, eta Ferrand-Prevot eta Paula Blasi atzean uzti ditu. Jaitsieran ihesaldia harrapatu dute, eta azken igoeraren faltan, Mont Brouillykoa, taldea erabat hautsita zegoen.
Usoa Ostolaza zarauztarrak (Laboral Kutxa-Euskadi) egun gogorra izan du, etaparen hasieran erori egin baita. Txirrindulari gipuzkoarrak lasterketan jarraitu du, baina laster geratu da atzean.