Wiebesek beste garaipen batekin eutsi dio maillot horiari
SD Worx-Protime taldeko herbeheretarrak bere legea ezarri du berriro esprintean, Genevako helmugan bigarren garaipena jarraian lortzeko.
Lorena Wiebes, helmuga zeharkatzen. Argazkia: EFE
Lorena Wiebes (SD Worx-Protime) txirrindulariak irabazi du Aigle eta Geneva artean jokatu den Frantziako Tourreko bigarren etapa. Herbeheretarra oso nagusi izan da berriro azken esprintean, eta 3 ordu, 42 minutu eta 8 segundoko denbora eginda helmugaratu da. Elisa Balsamo (Lidl-Trek) italiarra helmugaratu da bigarren, eta Marianne Vos (Visma-Lease a Bike) herbeheretarra, berriz, hirugarren.
Tourreko bigarren etapa, 147,9 kilometrokoa, gogorra izan da, hirugarren mailako hiru mendate eta laugarren mailako beste bi izan baititu, esprinterrentzat erosoagoak izan diren azken kilometroak egin aurretik.
40 bat kilometroren faltan, Riejanne Markus herbeheretarrak, Balsamoren taldekideak, ihesaldia hasi du, eta buruan jarraitu du azken unera arte. Izan ere, azken 2 kilometroetan, ezin izan dio erritmoari eutsi, eta amore eman behar izan du tropelaren bultzadaren aurrean. Azken metroetan, Wiebesek bere dohainak erakutsi ditu esprintean garaipena eskuratzeko.
Etapa honen ostean, Wiebesek lider jarraitzen du, eta 14 segundora ditu Kim Le Court-Pienaar (AG Insurance - Soudal) mauriziarra eta Demi Vollering (FDJ United - Suez) herbeheretarra.
Hirugarren etapa Suitzako Geneva eta Frantziako Poligny herrien arteko 157 kilometroko ibilbidean jokatuko da astelehenean, eta 4 mendate izango ditu.