Evenepoelek hegan egin du Thonongo erlojupekoan, eta bigarren garaipena lortu du erreskadan
Belgikarrak 28 segundoko aldea atera dio sailkapen nagusiko liderrari, Tadej Pogacar esloveniarrari. Bestalde, Florian Lipowitz alemaniarrak eroriko gogorra izan du, eta lasterketa utzi behar izan du.
Remco Evenepoel, Thonongo erlojupekoan. Argazkia: EFE
Remco Evenepoel belgikarrak hegan egin du Thonongo erlojupekoan, eta bigarren garaipena jarraian lortu du Frantziako Tourrean, Tadej Pogacar esloveniarra mendean hartuta.
Munduko eta Olinpiar Jokoetako txapeldunak 28 segundoko aldea atera dio sailkapen nagusiko liderrari helmugan, eta bere hirugarren erlojupekoa irabazi du Frantziako lasterketan. Hala ere, Pogacar bere bosgarren Tourra irabazteko posizio onean geratu da.
Zain eta muin jardun dute Leman lakuaren ertzetan, Tourreko banakako erlojupeko bakarraren agertokian, Isaac del Toro mexikarrak eta Paul Seixas frantziarrak hirugarren postua eta gazte onenaren maillot zuria lortzeko duten lehiaren lekuko.
Bien arteko borroka epiko baten amaieran, UAE taldeko txirrindulari mexikarrak eutsi egin dio Decathlon taldeko bere aurkariari, eta podiumeko postuari ere bai, oraingoz; hala ere, bost segundo galdu ditu, eta bere errenta 20koa baino ez da orain.
Lipowitzek Tourra utzi behar izan du, eroriko baten ondorioz
Bestalde, Florian Lipowitz alemaniarrak, iazko Frantziako Tourreko hirugarren sailkatuak, eroriko gogorra izan du erlojupekoan, eta lasterketa utzi behar izan du. Red Bull taldeko txirrindularia, sailkapen nagusiko bosgarrena, lurrera joan da Larringes mendateko jaitsieran.
Lepauztaiaren ezkerraldea minduta, txirrindularia anbulantzian eraman dute, eta agur esan die proba amaitzeko aukerei.
Remco Evenepoel, etapa irabazlea
Egunetik egunera hobeto nago
Evenepoelek bere sasoia hobetzen ari dela adierazi du lasterketaren azken txanpari begira. "Tourraren hasieran ondo nengoen, baina ez maila ikaragarrian, baina gero eta gehiago hobetzen ari naiz, egunetik egunera hobeto nago eta gorputzaldi ikaragarrian ari naiz amaierara iristen", esan du.
“Harro eta pozik nago erlojupeko honetan izan dudan errendimenduarekin", adierazi du. "Sinestezina da bi garaipen jarraian lortzea", gaineratu du Red Bull taldeko liderrak. Bestalde, Lipowitz taldekidea “azken astean faltan botako” duela onartu du belgikarrak.
Azkenik, Pogacarrek aitortu du "desengainutxoa hartu" duela Evenepoeli ezin izan diolako irabazi. Baina "munduko espezialistarik onenaren aurka galtzea ez dago hain gaizki", erantsi duenez.