Gaviriak Tourra utzi behar izan du azken esprintean erori eta lepauztaia hautsi ostean
Caja Rural talde nafarreko txirrindulari kolonbiarra erori egin da helmugarako 200 metro falta zirenean, eta hainbat txirrindulari eraman ditu aurretik. Txirrindulariak besoa geldirik zuela zeharkatu du helmuga. Gaviria bere hirugarren Tourrean parte hartzen ari zen, baina ezin izan du bakar bat ere bukatu.
Fernando Gaviria kolonbiarra, minduta, hamabigarren etaparen amaieran. Argazkia: Europa Press
Fernando Gaviria kolonbiarrak, Caja Rural talde nafarreko txirrindulariak, Frantziako Tourra utzi behar izan du ezker lepauztaia hautsi ostean, Caja Rural taldeak jakitera eman duenez.
Txirrindulari kolonbiarra erori egin da helmugarako 200 metro falta zirenean, eta hainbat txirrindulari aurretik eraman ditu. Txirrindulariak besoa geldirik zuela zeharkatu du helmuga, eta ondoren egin dizkioten azterketek ezkerreko lepauztaia hautsi duela erakutsi dute, Caja Ruralek azaldu duenez.
Kolonbiarra bere hirugarren Tourrean parte hartzen ari zen, baina ez du bat bera ere bukatu. 2018an bi etapa irabazi zituen eta maillot horia jantzi zuen jardunaldi batean, hamabigarren etapan lasterketa utzi aurretik, eta 2024an 17. etapan laga zuen Tourra.
Juanma Hernandez taldeko zuzendariak txirrindulariaren baja deitoratu du. Izan ere, Alex Molenaar taldekide nederlandarrak lsaterketa seigarren etapan utzi behar izan zuen, Gavarniera bidean. "Guretzat oso gogorra da, gure aukeretako bat zen, gaurko etapan aurreneko bosten artean sailkatu zitekeen", esan du.
Gaineratu duenez, Gaviriaren kontratua berritzeko elkarrizketak oso aurreratuta daude, eta taldean "jarrai dezan" lehenbailehen sendatzea opa dio. "Transmititzen duen txirrindularia da, gazteei laguntzen ondo lan egiten duena, eta harro egoteko modukoa da horrelako txirrindulari bat izatea", nabarmendu du.
"Bi pieza oso garrantzitsu galdu ditugu. Orain txipa aldatu behar dugu, etapa oso menditsuak ditugu aurretik, zaila izango da bat irabaztea, baina saiatuko gara", adierazi du.