Pogacarrek beste hozkada bat eman dio Tourrari Le Lioranen
Lasterketako liderrak erasoa gogor jo du helmugatik 15 kilometrora, Pertusko igoeran, eta faboritoek ezin izan dute esloveniarraren gurpila jarraitu. Are gehiago, UAEko izarrak Richard Carapaz berehala harrapatu eta aurreratu du, ekuardortarra ihes eginda zegoenean.
Tadej Pogacar esloveniarra (UAE), Tourreko liderra, Le Liorango helmugan. Argazkia: EFE
Tadej Pogacar esloveniarrak beste hozkada bat eman dio Frantziako Tourrari, hamargarren etapa irabazi baitu, edizio honetako hirugarren garaipena, guztira, 23.a, Erdialdeko Mendigunean, Le Liorango helmugan, non sailkapen nagusiko lidergoa sendotu du.
UAEko liderrak erasoa jo du Coll del Pertusko igoeran, helmugarako 15 kilometrora, eta 32 segundoko aldea atera dio Remco Evenepoel belgikarrari (bigarren izan da), 34 segundokoa Paul Seixas frantziarrari eta Florian Lipowitz alemaniarrari, eta 38koa Juan Ayuso espainiarrari eta Mattias Skjelmose taldekide daniarrari.
Jonas Vingegaard danimarkarra zazpigarren izan da, 44 segundoko aldea eginda, eta Isaac del Toro mexikarra zortzigarren, taldekidea 01:31ra izan duela.
Pogacar da sailkapen nagusiko liderra 03:36ko errentarekin Vingegaardekiko, eta Evenepoel hirugarren postuan dago 04:06ra, Ayusoren aurretik, 04:22ra dago eta podiumetik 16 segundora. Lidl taldeko espainiarrak gazte onenaren maillot zuria jantzi du.
Hamahiru segundo atzetik Paul Seixas frantziar gaztea dago, Lipowitz seigarren da lidergotik 04:44ra eta podiumetik 38 segundora. Etapa laugarren hasi duen Del Torok zazpigarren postura erori da sailkapen nagusian, liderra 05:08ra duela.
Skjelmose zortzigarren da 05:45era, Lenny Martinez frantziarra 06:34ra eta Tom Pidcock ingelesa, 11:49ra. Leedsko txirrindulariak erorikoa izan du Puy Maryko jaitsieran.
Tadej Pogacar, Tourreko liderra
Berezia da uztailaren 14an horiz jantzita irabaztea
Pogacarrek nabarmendu du duela bi urteko arantza atera nahi zuela, Vingegaarden aurka galdu zuen eta, eta "berezia" dela horiz janztea etapa bat Frantziako festa nazionalean irabazita.
"Sekulako eguna izan dugu, aurreikusitako egitasmoari jarraitu diogu, eta ezin hobeto aurrera eraman dugu. Txirrindulari frantziar askok irabazi nahi zuten gaur. Niretzat etapa hau uztailaren 14an irabaztea eta horiz jantzita egitea berezia da", nabarmendu du UAEko liderrak.
Esloveniarrak esana zuen ez zuela mendekurik nahi duela bi urte gertatutakoagatik, baina orain aitortu egin du "buruan ibili" duela.
"Duela bi urte bigarren izan nintzen hemen, ez da emaitza txarra, batez ere Jonasek irabazten badizu. Gaur berdin sentitzen nintzen, baina emaitza ezberdina izan da eta niretzat sekulakoa da", onartu du.
"Tourra ezin hobeto doa niretzat, baina orain etapa oso menditsuak datoz, eta indarrak orekatu daitezke. Kontzentratuta egon beharko dut amaierara arte", erantsi du.