Soren Waerenskjold norvegiarra, indartsuena Neverseko esprint nahasian
Tourreko historiako etaparik azkarrena izan da. Anton Charmig danimarkarra, Nelson Oliveira portugaldarra eta Mathis Le Berre bretoia izan dira eguneko ihesaldiaren protagonistak, baina tropelak helmugatik bost kilometro eskasera harrapatu ditu.
Soren Waerenskjold norvegiarra, Neverseko helmugan. Argazkia: EFE
Soren Waerenskjold (Uno-X Mobility) norvegiarrak ezustekoa eman du hamaikagarren etapa itxi duen esprintean, faborito nagusiei gailendu eta Frantziako Tourreko lehen garaipena lortuta. Tadej Pogacarrek, berriz, maillot horiari eutsi dio aparteko arazorik gabe. Hala ere, esloveniarrak aitortu egin du etapan zehar bidoi batekin susto handia hartu duela.
Waerenskjoldek Olav Kooij nederlandarra eta Jasper Philpsen belgikarra gainditu ditu helmugan, Tourreko historiako etaparik azkarrenean. Batez beste 50 kilometro orduko abiaduran baino biziago ibili dira txirrindulariek gaurko etapan.
26 urteko norvegiarrak bere ibilbideko hemeretzigarren garaipen profesionala lortu du, eta bere palmaresa estreinatu du Tourrean, esprinterren talde nagusien arteko zaintza estua aprobetxatuz.
Faborito nagusiak azken metroetan kokapen onenaren lehian ari ziren bitartean, Wærenskjoldek hutsune perfektua aurkitu du eskuinetik, hesiei itsatsita, Decathlon CMA CGM Teameko jaurtitzaile baten gurpilean jartzeko, Olav Kooij liderra gurpilean izan gabe ere. Arrazoi horregatik Decathloneko txirrindularia oina altxatzen eta atzera begiratzen hasi da.
Zalantza une hori erabakigarria izan da. Uno-X taldeko txirrindularia azkar ibili da eta hiruzpalau bizikletako errenta ireki du esprinter handiek erantzun aurretik. Kooijek bigarren postua eskuratu du eta Jasper Philipsenek (Alpecin-Premier Tech) podiuma osatu du, baina inork ezin izan du eragotzi norvegiarraren ezusteko garaipena.
Lehenago, Anton Charmig danimarkarra, Nelson Oliveira portugaldarra eta Mathis Le Berre bretoia izan dira eguneko ihesaldiaren protagonistak, baina tropelak helmugatik bost kilometro eskasera harrapatu ditu.