Evenepoelek erakustaldia eman eta La Cruz de Linaresen irabazi du, eta Kussek 17 segundoko aldea du orain
Soudal Quick-Step taldeko Remco Evenepoel txirrindulari belgikarrak irabazi du, ostegunean, 2023ko Espainiako Vueltako hamazortzigarren etapa, La Cruz de Linares mendate gogorrean, gogoan izateko moduko erakustaldia emanda. Evenepoel bakarka helmugaratu da, eta bederatzi minututik gorako aldea atera die sailkapen nagusirako lehian ari diren ziklistei. Sailkapen nagusiari dagokionez, Jumbo-Vismako Sepp Kuss estatubatuarrak bederatzi segundoko aldea atera dio etapan Jonas Vingegaard taldekideari, eta, hortaz, 17 segundora du orain sailkapen nagusiko bigarrena. Hiru etapa gelditzen dira bukatzeko, horietako bat mendikoa, larunbatekoa hain zuzen ere.
Ostegunean lorturikoa zenbatuta, Evenepoelek hiru etapa garaipen ditu, oraingoz, Espainiako Vueltako aurtengo ekitaldian, mendiko sailkapenaz gain, eta azken hori irabazita du jada. Gazte belgikarra 2022ko Espainiako Vueltan gailendu zen, eta udaberrian, maiatzean, Italiako Giroko lider zela, lasterketa utzi behar izan zuen, covid-19a atzemateko proban positibo eman ostean. Ostiralean, Tourmaleten, sailkapen nagusian zituen aukera guztiak galdu zituen, eta biharamunean iragarri zuen "beste modu batera" lehiatzeko asmoa zuela; bada, ordutik dabil helburu hori gauzatzen eta zaleei ikuskizun bikaina eskaintzen. Soudaleko ziklista egunero-egunero ari da erakusten ez duela ezer gorde nahi, eta anbizioz betetako lasterketa ari da egiten.
Esanguratsua izan da, halaber, zer jazo den Espainiako Vueltako aurreneko hiru sailkatuen artean. Jonas Vingegaardek, asteazkenean, gertu izan zuen Sepp Kussek zortzigarren etapatik soinean daraman maillot gorria; osteguneko etapan, aldiz, Kussek kontraerasoa egin du, azken kilometroan, eta bederatzi segundo gehiago atera dizkio danimarkarrari. Vingegaardek eta Primoz Roglicek ez dute mugimendurik egin, lasterketa buruan jarraitzeko ez bada. Ematen du Kuss dela Jumbo-Vismako apustua Espainiako Vuelta hau irabazteko; hala gertatuz gero, Herbehereetako taldeak hiru lasterketa handiak (Italiako Giroa, Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta) irabaziko ditu denboraldi berean, eta, gainera, txirrindulari batek lortuko du garaipena proba bakoitzean: Roglicek Giroa, Vingegaardek Tourra eta Kussek Vuelta.
Etapako ibilbidean, 3. mailako mendate bat zegoen, Tenebredo; 2. mailako beste bat, Las Estacas, eta 1. mailako bi, San Lorenzo eta La Cruz de Linares. Azken hori, gainera, bi aldiz igo behar izan dute txirrindulariek. Borrokatzeko eta bizi-bizi aritzeko aukera ematen zuen, eta ziklistek segituan erakutsi dute hori; izan ere, aurreneko kilometroetan sortu da eguneko ihesaldia. Talde handia sartu da bertan, 14 txirrindulari, eta maila handiko gizonak zeuden tartean. Movistarreko Imanol Ervitirekin batera, hauek sartu dira ihesaldian: Remco Evenepoel (Soudal Quick-Step), Egan Bernal (INEOS Grenadiers), Damiano Caruso (Bahrain-Victorious), Julien Bernard (Lidl-Trek), Lewis Askey eta Lorenzo Germani (Groupama-FDJ), Nico Denz (BORA-hansgrohe), Jarrad Drizners eta Andreas Kron (Lotto Dstny), Andrea Piccolo (EF Education-EasyPost), Max Poole (DSM-Firmenich), Hugo Hofstetter (Arkea Samsic) eta Paul Ourselin (Total Energies). Kalitate handiko ziklistak.
Gizon horiek alde handiak lortu dituzte; tropela ez omen zegoen horiekin kezkatuta, eta iheslariek hori baliatu dute tartea handitzeko. San Lorenzon, helmugarako 100 kilometro baino gutxiago falta zirenean, hamar minutuko aldea zuten, eta tarte bera zuten Tenebredo igotzen hasi direnean. Evenepoel aurrenekoa izan da Las Estacasen eta San Lorenzon, eta matematikoki ziurtatu du Madrilen, Espainiako Vuelta bukatuta, mendiko maillota jantziko duela.
Tenebredon, Evenepoelek erritmo gogorra jarri du, eta asko murriztu du aurreko taldea. Soudaleko belgikarrarekin batera, Carusok, Kronek, Poolek, Ourselinek eta Bernalek eutsi diote; gainerako zortziek, aldiz, ez dute 2022ko Espainiako Vueltako txapeldunarekin batera jarraitzerik izan. Evenepoelek garaipena nahi zuen, La Cruz de Linaresen 2023ko ekitaldian hirugarren etapa poltsikoratzeko. Andrea Piccolo eta Julien Bernard handik gutxira batu dira lasterketaren buruan zihoan seikotera. Hamaika minutu baino gehiagoko aldea zutenez, argi zegoen garaipena bertan zegoela, aurreko taldean.
La Cruz de Linareseko aurreneko igoeran, Remco Evenepoelek berehala egin du hautaketa; segituan gelditu da Poolerekin eta Carusorekin bakarrik, baina horiek ere utzi ditu atzean handik gutxira, malda gogor batean. Soudaleko liderra biziki indartsu zihoan, ausart ari zen igotzen. Begi-bistakoa zirudien garaipena eskura zuela.
Atzetik, Mikel Landaren Bahrain-Victorious taldea tropeleko buruan jarri da orduan, Murgiako txirrindulariak Juan Ayuso gainditu eta sailkapen nagusiko laugarren postua eskuratzea helburu. Anglirun ere jazo zenez, Antonio Tiberi jarri da tropeleko lehen postuan, erritmo bizia ezartzeko. Aurrealdean, bitartean, Evenepoel ezin hobeto zihoan garaipenaren bila.
La Cruz de Linareseko bigarren igoeran, etapako garaipenean baino interes gehiago zegoen atzealdean, faboritoen taldean; izan ere, Evenepoelek argi zuen garaipena berea izango zela. Kussek aukera baliatu du, eta hurbilago du azken maillot gorria. Mikel Landa (Bahrain-Victorious) bosgarren dago, eta baliteke larunbatean ere saiatzea, azken-aurreko etapan. Oraingoz, ostiralean, hemeretzigarren etapa jokatuko dute, La Bañeza eta Iscar artekoa, eta esprinterrentzat aukera bikaina izan liteke.
ETAPAKO SAILKAPENA:
1 - EVENEPOEL Remco (Quick Step) 4:47:37
2 - CARUSO Damiano (Bahrain) +4:44
3 - KRON Andreas (Lotto) +5:10
4 - POOLE Max (DSM) +5:12
5 - OURSELIN Paul (TotalEnergies) +5:17
6 - BERNARD Julien (Trek) +6:11
7 - BERNAL Egan (Ineos) +7:01
8 - AYUSO Juan (UAE) +9:29.
9 - MAS Enric (Movistar) d. b.
10 - KUSS Sepp (Jumbo) d. b.
12 - LANDA Mikel (Bahrain) +9:32
SAILKAPEN NAGUSIA:
1 - KUSS Sepp (Jumbo) 65:31:27
2 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) +0:17
3 - ROGLIC Primoz (Jumbo) +1:08
4 - AYUSO Juan (UAE) +4:00
5 - LANDA Mikel (Bahrain) +4:19
6 - MAS Enric (Movistar) +4:30
7 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA) +7:37
8 - VLASOV Aleksandr (BORA) +8:35
9 - ALMEIDA Joao (UAE) +10:20
10 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) +12:20
Zure interesekoa izan daiteke
Van Aert bigarrenez nagusitu da, bero handiko etapan, eta Enric Masek lidergoari eutsi dio Kordoban
Wout van Aertek irabazi du Vueltako 15. etapa, Kordoban erabaki den esprint murriztuan nagusituta. Txirrindulari belgikarrak bigarren garaipena lortu du aurtengo edizioan, eta Enric Masek liderraren maillot gorria mantendu du, muturreko beroak eraginda ibilbidea murriztu behar izan duten jardunaldian.
Brenner nagusitu da La Panderan, eta Masek lehen postua sendotu du
Marco Brennerrek irabazi du Vueltako 14. etapa, ihesaldi luze baten ondoren, La Pandera mendatean jarritako helmugan esprintean nagusituta. Enric Masek, bere aldetik, aurrerapauso handia eman du sailkapen nagusian, Primoz Roglicekiko aldea handituta.
Wout van Aert nagusi Lojan, eta Enric Masek elastiko gorriari eutsi dio
Van Aertek laugarren garaipena lortu du Vueltan, Valentin Paret-Peintre Soudal taldeko frantziarra esprintean gaindituta. Enric Masek, berriz, sailkapen nagusiko lidergoari eutsi dio.
Jakob Omrzelek irabazi du Calar Alton, Urko Berrade bigarren dela, eta Enric Masek lidergoa sendotu du Espainiako Vueltan
Bahrain-Victorious taldeko txirrindulari gazteak irabazi du Espainiako Vueltako 81. etapa nagusia, eta Masek 27 segundo gehiago atera dizkie Primoz Roglic eta Felix Galli. Urko Berrade eta Pello Bilbao eguneko ihesaldian izan dira.
Matthew Brennan azkarrena izan da berriro esprintean, Lorcan, eta hiru garaipen lortu ditu Espainiako Vueltan
Vismako txirrinduari britainiarrak irabazi du lasterketako 81. ekitaldiko hamaikagarren etapa; Movistarreko Enric Masek lider jarraitzen du.
Bastien Tronchonek irabazi du, esprintean, Espainiako Vueltako hamargarren etapa, eta Enric Masek lider jarraitzen du
Xabier Mikel Azparrenek oso gertu izan du garaipena, baina tropelak azken metroetan aurreratu du; donostiarra seigarren postuan helmugaratu da. Sailkapen nagusian, ez da aldaketarik izan.
Enric Mas nagusitu da Aitana gainean, eta sendotu egin du bere lidergoa
Mallorcako txirrindulariak indar erakustaldia eman du Aitanan, 2026ko Vueltako bederatzigarren etapa irabazita. Movistar Team taldeko buruak nagusitasunez erantzun dio maillot gorria janzteko erronkari, Tadej Pogacar erretiratu ostean, Primoz Roglic eta Felix Gall gaindituz eta lehen atseden egunaren aurretik lidergoa sendotuz.
Pogacarrek bere lehen mezua publikatu du ospitaletik: “Stayin' alive"
Esloveniarrak bere jarraitzaileak lasaitu nahi izan ditu Espainiako Vueltan eroriko larria izan ostean. Pogacarrek lasterketa utzi behar izan zuen larunbatean, aurtengo ekitaldia irabazteko dena alde zuenean.
Mas da lider berria, Pogacarrek lasterketa utzi eta Coquardek etapa irabazi ostean
Tadej Pogacarrek (gaur arte lider eta garaipena lortzeko faborito nagusia) lasterketa utzi behar izan du helmugatik 32 kilometrora eroriko gogorra izan ostean, eta Enric Masek eskuratu du lidergoa. Amaiera kaotiko batean, Bryan Coquardek irabazi du etapa, esprintean Mads Pedersen eta Jordi Meeus gaindituta.
Pogacarrek eroriko gogorra izan du eta Vuelta utzi du
UAE taldeak zabaldutako parte medikoaren arabera, Pogacarrek garuneko kommozioa, ezkerreko lepauztaian haustura desplazatua eta C7 ornoaren haustura zerbikal egonkorra ditu, baita hainbat urradura ere. Lesio horien ondorioz, ebakuntza kirurgikoa egin beharko diote lepauztaia zuzentzeko.