Remco Evenepoel suspertu egin da Larra-Belaguan, eta etapa irabazi du; Kussek lider jarraitzen du
Remco Evenepoel Soudal Quick-Step taldeko txirrindulari belgikarrak irabazi du, larunbatean, 2023ko Espainiako Vueltako hamalaugarren etapa, Larra-Belaguan, azken igoera DSM taldeko Romain Bardet ziklista frantziarra menderatuta; biek ala biek eguneko azken ia 100 kilometroak egin dituzte elkarrekin, Izarbe mendatea amaitu aurretik erasoa egin eta gero. Bitartean, Jumbo-Vismako Sepp Kuss ziklista estatubatuarrak sailkapen nagusiko aurreneko postuan jarraitzen du eta maillot gorriari eutsi dio. Etapa gogorra izan da hau, eta zati handi bat Euskal Herrian jokatu dute; INEOS Grenadiers taldeko Jonathan Castroviejok laugarren postua erdietsi du, lasterketa bikaina eginda.
Aurreikuspena zen etapan lehia bizia izatea, sailkapen nagusiko aurrenekoen artean, kontuan izanik ibilbidea oso zaila zela; izan ere, maila bereziko bi mendate zeuden tartean, Izarbe eta Iturzaeta, hain zuzen ere. Azkenean, ez da aldaketarik izan sailkapen nagusiko lehen hamar postuetan, baina lasterketa ederra ikusi dute zaleek; horietako asko Euskal Herrikoak izan dira, eta giro bikaina izan da egun osoan, beste behin. Txirrindularitza egun handia bizi izan da larunbatean, gurean.
Remco Evenepoelek, 2022ko Espainiako Vueltako irabazlea eta 2023ko munduko txapelduna erlojupekoan bera, 27 minutu galdu zituen ostiralean, Tourmaleteko egunean. Hala, larunbatean, Salbaterra Bearnoko irteeran, adierazi du "lehiatzeko beste modu bat" hasiko zela lantzean. Bada, Soudal taldeko liderra hasieratik ibili da ihesaldiaren bila, talde handi batean sartu da (Castroviejo ere zegoen bertan), gogor jo du ihesaldiaren eta tropelaren arteko aldeak gora egin zezan, jardunaldiko lehen mendatea amaitu baino lehen alde egin du Bardetekin batera, eta amaieran, Larra-Belaguan, atzean utzi du txirrindulari frantziarra. Ezin hobeto aritu da Evenepoel, eta erakutsi du nola eman ahal zaion buelta egun txar bati, indarra eta hankak izatekotan, noski.
Helmugarako oraindik kilometro asko gelditzen zirela, Bardetek eta Evenepoelek argi utzita zuten etapa bien artean jokatu behar zutela, eta merezimendu osoz egin dute. Atzean, UAE eta Mikel Landaren Bahrain taldeak erritmo bizia jartzen ahalegindu dira, baina lasterketa buruko bikoteak ondo eutsi diote abantailari; hain zuzen, handitu ere egin dute. Berez, Jumbo-Vismak, lasterketako gogortasuna alde batera utzita, ez du zailtasun handirik izan Kussek, Primoz Roglicek eta Jonas Vingegaardek sailkapen nagusiko lehen hiru postuetan jarrai dezaten.
Igandean, Espainiako Vueltak Euskal Herrian jarraituko du, hamabosgarren etapan. Iruñean hasiko da eta Lekunberrin amaitu. Mikel Landak zazpigarren tokian jarraitzen du, eta esana du saiatuko dela etaparen bat eskuratzen lasterketa amaitu aurretik. Astebete geratzen da, oraindik.
ETAPAKO SAILKAPENA
1 - EVENEPOEL Remco (Soudal) 4:13:38
2 - BARDET Romain (DSM) +1:12
3 - VAN EETVELT Lennert (Lotto) +6:33
4 - CASTROVIEJO Jonathan (INEOS) +6:35
5 - STORER Michael (Groupama) +7:24
6 - DE LA CRUZ David (Astana) +8:21
7 - VLASOV Aleksandr (BORA) +8:22
8 - KUSS Sepp (Jumbo) d. b.
9 - POELS Wout (Bahrain) d. b.
10 - AYUSO Juan (UAE) d. b.
SAILKAPEN NAGUSIA
1 - KUSS Sepp (Jumbo) 51:04:54
2 - ROGLIC Primoz (Jumbo) +1:37
3 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) +1:44
4 - AYUSO Juan (UAE) +2:37
5 - MAS Enric (Movistar) +3:06
6 - SOLER Marc (UAE) +3:10
7 - LANDA Mikel (Bahrain) +4:12
8 - VLASOV Aleksandr (BORA) +5:02
9 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA) +5:30
10 - ALMEIDA Joao (UAE) +8:39
Zure interesekoa izan daiteke
Paula Blasik irabazi du Espainiako Vuelta, eta Ostolazak laugarren bukatu du
Azken etapa Anglirun amaitu da eta Petra Stiasnyk eraman du garaipena, Blasi baino 23 segundo azkarrago helmugaratuta.
Anna van der Breggenek bere legenda handitu du Les Praeresen garaipena lortuta
Sailkapen nagusian Van der Breggenek 18 segundora du Paula Blasi kataluniarra, eta 41era, berriz, Marion Bunel frantziarra.
Mischa Bredewoldek irabazi du bosgarren etapa esprintean
Herbeeretako txirrindulariak Lotte Kopecky taldekidea eta Letizia Paternoster (Liv AlUla Jayco) italiarra gainditu ditu helmugan. Gaurkoa zen mota honetako bukaera bat ikusteko azken aukera bihartik aurrera mendateak izango baitira garrantzitsu
Lotte Kopeckyk irabazi du laugarren etapa esprintean, eta lider maillota jantzi du
SD Worx taldeko belgikarrak bere indarra baliatu du gaurko esprintean, bi aldiz bigarren sailkatu ondoren. Gainera, Kopecky da Vueltako lider berria, 10 segundoko errentari esker, eta 6 segundoko aldea du Kocheken ondoan, eta 12koa ateratzen dio Kerbaolekeri.
Kerbaol bretoiak ezustekoa eman eta irabazi du Coruñan, eta Kochek lider jarraitzen du
Etapa esprintean erabaki behar zela zirudienean, Cedrine Kerbaolek (EF Education) helmugatik 2.000 metrora erasoa jotzea erabaki du. Bresteko txirrindulariak segundo gutxi batzuetako tartea zabaldu du, eta bakarrik, pozez zoratzen, helmugaratu da.
Bossuyt belgikarrak Franziska Koch lider berria gainditu du esprintean
Bossuytek ezin zuen sinetsi ere egin lasterketa handi batean lehen garaipena lortu izana, bere palmareseko laugarrena, baina esprintean ohore hori merezi izan du, txirrindulari onenak gainditu baititu.
Noemi Rüegg suitzarra, Vueltako lehen liderra
Euriak eta helmugara iristeko 8 kilometrora tropela zatitu duen erorikoak markatu dute lehen etapa.
Laboral Kutxak talde igotzailea eramango du Vueltara, eta Usoa Ostolaza izango du lider
Igandean hasiko da, eta Pauline Ferrand-Prevot frantziarra eta Kasia Niewiadoma poloniarra dira faborito nagusiak, Demi Vollering azken bi urteetako txapelduna ez baita bertan arituko.
2026ko Emakumezkoen Vuelta Anglirun amaituko da, zazpi etapa eta ibilbide gogor baten ostean
Emakumezkoen Espainiako Vueltak bere laugarren edizioa aurkeztu du. Galizia, Leon eta Asturias zeharkatuko ditu, podiuma goi-mendiko bi amaieretan erabaki aurretik.
2026ko Emakumezkoen Vuelta Galizian hasiko da maiatzaren 3an
Ibilbide osoaren berri martxoaren 9an emango dute, Ribeiran.