Fitxaketa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Diego Uriarte nafarra Movistar taldean arituko da 2029ra arte

Barañaingo txirrindulariak Lizarte taldean eman zituen lehen urratsak. Azken hiru denboraldietan Kern Pharma talde nafarran aritu da. 2025 hasieran lortu zuen bere emaitzarik onena, Andaluziako Itzuliko laugarren etapa irabazi zuen eta.

Diego-Uriarte-fichaje-Movistar-Team-procedente-Kern-Pharma

Diego Uriarte Barañaingo txirrindularia, Kern Pharma talde nafarrarekin. Argazkia: Europa Press

Movistar taldeak iragarri du, gaur, asteartez, Diego Uriarte txirrindulari nafarra fitxatu duela hurrengo lau denboraldietarako, 2029ra arte. Kern Pharma taldetik helduko da.

Uriartek Lizarte taldean eman zituen lehen urratsak txirrindularitzan. Azken hiru denboraldietan, ordea, Kern Pharma talde nafarrean aritu da. Bertan, lanerako gaitasunagatik eta lasterketetako ihesaldietan sartzeko erraztasunagatik nabarmendu da.

Barañaingo (Nafarroa) txirrindulariak emaitza profesional onena erdietsi zuen 2025eko hasieran, Alhaurin de la Torren (Malaga) jokatutako Andaluziako Itzuliko laugarren etapan lortutako garaipenarekin.

Talde urdineko txirrindulari berria "oso ilusionatuta" agertu da bere kirol ibilbidean eman duen pauso honekin: "Hona iristea aurrerapausoa da nire ibilbidean, eta gogotsu nago aro berri honi ekiteko. Taldeari ahalik eta ekarpen handiena egin ahal izatea espero dut, eta aukera hau aprobetxatzea, hobetzen eta hazten jarraitzeko", adierazi du Uriartek.

Bere aldetik, Sebastian Unzue Movistar taldearen arduraduna txirrindulari nafar gaztearen fitxaketa dela eta pozik agertu da. "Diegorekin, arlo guztietan ekarpenak egiteko gai den taldeko txirrindularia batu dugu. Ziur nago WorldTour egitura batera jauzi egitea bultzada garrantzitsua izango dela bere bilakaeran", azpimarratu du.

Publizitatea
X
Publizitatea
X