Usoa Ostolazak ez du Laboral Kutxan jarraituko, eta Uno-X Mobility taldeak fitxatu du
Txirrindulari zarauztarrak sei urte egin ditu taldean; aurten, besteak beste, Eibarko Klasikoa irabazi zuen. Talde norvegiarrak hiru denboraldiko kontratua egin dio.
Usoa Ostolaza txirrindulariak ez du Laboral Kutxan segiko, taldeak ostegun honetan X sarean jakitera eman duenaren arabera. Sei urteren ostean, beste ibilbide bati ekingo dio aurrerantzean kirolari zarauztarrak Uno-X Mobility taldean.
Ostolazak hiru urteko kontratua sinatu du talde norvegiarrarekin. "Sentitzen dut Uno-X Mobility toki ezin hobea dela kirolari gisa amets egiten eta hazten jarraitzeko. Bihotza, profesionaltasuna eta anbizioa dituen taldea da", adierazi du txirrindulari zarauztarrak.
Aurtengo sasoian, Eibarko Klasikoan txapeldun izateaz gain, laugarren postuan amaitu zuen Espainiako Vueltan, hirugarren Burgosko Itzulian, eta zazpigarren, berriz, Itzulian.
Horrez gain, aste honetan bertan, bosgarren egin zuen Valoniako Itzulian.