Ion Izagirre nagusitu da Marco Pantani Memorialean
Izagirrek Miguel Indurain Sari Nagusia irabazi zuen apirilean, hiru urteko lehortearen ondoren, eta guztira 20 garaipen lortu ditu profesionaletan.
Ion Izagirre, Miguel Indurain Sari Nagusian helmugan sartzen. Artxiboko argazkia.
Ion Izagirre (Cofidis) euskal txirrindulariak bere bigarren garaipena lortu du 2026an, erretiratu aurreko azken denboraldian, Marco Pantani Memorialaren 23. edizioa irabazita.
Izagirrek Miguel Indurain Sari Nagusia irabazi zuen apirilean, hiru urteko lehortearen ondoren, eta guztira 20 garaipen lortu ditu profesionaletan. Ormaiztegiko txirrindulariak 2025eko abenduan iragarri zuen denboraldi amaieran erretiratzeko asmoa zuela.
Marco Pantani Memorialean, tropelak 191,6 kilometro egin behar izan ditu Riccione eta Cesenatico herrien artean. Izagirre eguneko ihesaldi onean sartu da, helmugarako 82 kilometro falta zirenean tropelak lehen ihesaldia ezerezean utzi eta gero. 78 kilometro falta zirenean, euskalduna Michael Storerren (Tudor) erasoari erantzun dioten txirrindularien artean sartu da.
Izagirrek esprinta abiatu du, eta lehen postuan zeharkatu du helmugako pankarta. Pellizzari izan da bigarren, eta Mikkel Honore, berriz, hirugarren. Storer, iazko irabazlea, laugarren postuan helmugaratu da.