Fitxaketa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bahrain Victorius taldeak Ibon Ruiz gasteiztarra fitxatu du datozen bi denboraldietarako

27 urteko eskalatzaile arabarrak Kern Pharma taldean egin du bere ibilbide profesionala orain arte. "Niretzat eredu diren txirrindulariak izan dituen taldea da, Pello Bilbao esaterako", azpimarratu du txirrindulari gasteiztarrak.

Ibon-Ruiz-Kern-Pharma
Ibon Ruiz txirrindulari arabarra. Artxiboko irudia: Kern Pharma

Bahrain Victorious taldeak Ibon Ruiz txirrindulari gasteiztarra fitxatu du datozen bi denboraldietarako. Horrela, 27 urteko eskalatzaile arabarrak UCI World Tourrera egingo du jauzi.

Ruiz 1999ko urtarrilaren 30ean jaio zen Gasteizen, eta ibilbide profesionala orain arte Kern Pharma taldean egin du.

Mercan'Tour Classic Alpes-Maritimes lasterketan garaipen bat eta Route d'Occitanie lasterketako sailkapen nagusian bigarren postu bat lortu zituen 2026an.

2025eko Jaen Paraiso Interior Klasikoko podiumeko hirugarren postua, 2024ko Asturiasko Itzuliko eta 2021eko Valentziako Itzuliko mendiko sailkapeneko garaipena ere bere lorpen nabarmenen artean daude. Era berean, 2024ko Espainiako Vueltan, hiru asteko lehiaketa batean egindako debutean, bosgarren etapan txirrindulri saiatuenaren saria jaso zuen.

"Oso pozik eta eskertuta nago Bahrain Victorious bezalako talde batekin bat egiteagatik. Niretzat eredu diren txirrindulariak izan dituen taldea da, Pello Bilbao esaterako", adierazi du txirrindulari arabarrak. "Talde osoa ezagutzeko, elkarrekin lanean hasteko eta datorren denboraldiari ilusioz ekiteko gogo handia dut", gaineratu du.

Bestalde, Rod Ellingworth Bahrain Victoriouseko errendimendu zuzendariak esan du Ibon "txirrindulari oldarkorra eta ausarta" dela, "gure taldeak datozen denboraldietarako duen estrategiari primeran egokituko dena".

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X