Surne Bilbaok Bastien Vautier pibot frantsesa fitxatu du hurrengo denboraldirako
27 urteko pibotak denboraldi baterako sinatu du, eta ASVEL Lyon-Villeurbanne taldetik dator. Klub horretan, batez beste 5,7 puntu eta 2,8 errebote lortu ditu partidako Euroligan.
Surne Bilbaok Bastien Vautier 27 urte eta 2.10 metroko pibot frantsesa fitxatu du ASVEL Lyon-Villeurbanne taldetik 2026-2027 denboraldirako. Urtebeteko kontratua sinatu du.
Aurreko denboraldian, Ligan batez beste 8,6 puntu eta 3,9 errebote lortu ditu partidako; Euroligan, berriz, batez beste 5,7 puntu eta 2,9 errebote lortu ditu partidako, eta jokalari onena izan zen 18. jardunaldian, Anadolu Efesi 28 puntu sartu eta 31 puntuko balorazioa jasota. Birritan jokatu du Frantziako Ligako Izarren Partida, eta 2023-2024ko denboraldian boskote onenean sartu zuten.
Rafa Pueyo Surne Bilbaoren kirol zuzendariaren iritziz, Bastien Vautierrek puntuak emango dizkio taldeari saskitik gertu. "Hor mugimendu onak ditu eta oso eraginkorra da, 'pick and roll' jokaldiak burutzen sendoa izateaz gainera. Urruneko zein gertuko pibot gisa paseak bermatuko dizkigun jokalaria da, eta oso pasatzaile ona da", adierazi du.
Bilboko klubaren ustez, errebotean "sendotasuna" emango dio taldeari, "bereziki erasoko errebotean", eta taldearen defentsa filosofiara "ezin hobeto egokitzen da". "Tryggvik (Hlinason) eta biek oso pibot bikote sendoa osatuko dute, eta pinturan indarra emango digu. Oso pozik gaude taldean sartzearekin, eta Bilbon jokorik onena egitea espero dugu", esan du.