FINAL-LAURDENAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Surne Bilbaok FIBA Europa Kopako finalerdietara gerturatzeko balio dion garaipena lortu du Turkian

Jaume Ponsarnauren taldeak zortzi puntuko aldea lortu du Petkimspor taldearen aurka, final-laurdenetako joaneko partidan.

Melwin Pantzar

Melwin Pantzar Aliaga Petkimspor taldearen aurkako partidan. Irudia: @bilbaobasket

Surne Bilbao Basketek aurrerapausoa eman du FIBA Europa Kopako finalerdietarako bidean, final-laurdenetako joaneko partidan Aliaga Petkimspori 69-77 irabazita. Bilboko taldeak, egungo txapeldunak, hurrengo astean Miribillan defendatu beharko duen zortzi puntuko errenta lortu du.

Talde bizkaitarrak 0-10eko partzialarekin hasi du norgehiagoka eta ezustean harrapatu du talde turkiarra. Darrun Hilliardek eta Adam Smithek gidatu dute bisitarien erasoa eta beltzezko gizonek hamaika puntuko abantaila lortu dute (19-30) bigarren laurdenaren hasieran. Hala ere, atsedenaldiaren aurreko azken minutuetan, Petkimsporrek erreakzionatu  eta 12-0eko partzialarekin irauli du markagailua. Tomasz Petraseken hiruko batek gelditu du hori eta partida berdinduta iritsi da atsedenaldira (35-35).

Atsedenaldiaren ostean, Turkiako taldeak defentsako intentsitatea handitu eta aurretik jarri da hirugarren laurdenaren erdian (48-40). Une horretan Hlinason agertu da uztai azpian, baita Petrasek eta Hilliardek Bilbao Basketi eusteko egindako jaurtiketak ere. Beltzezkoek partidaren kontrola berreskuratu eta abantailarekin sartu dira azken zatira.

Azken laurdenean, Hilliarden bi hirukoak erabakigarriak izan dira markagailua sendotzeko eta garaipena ziurtatzeko. Emaitza horrekin, Ponsarnauren taldeak bideratuta utzi du kanporaketa Miribillako itzulerako partidaren aurretik.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X