Markus Howardek Kosner Baskonia utzi du, Gasteizen lau denboraldi baino gehiago eman ondoren
Zenit da jokalari estatubatuarraren talde berria. Howard 2022an iritsi zen euskal taldera, eta, Kosner Baskonian, 244 partida ofizial jokatu ditu eta Errege Kopa bat irabazi du.
Markus Howardek 244 partida jokatu ditu Kosner Baskonian. Argazkia: Europa Press.
Markus Howardek Kosner Baskonia utzi du, Gasteizen lau denboraldi baino gehiago eman ondoren, asteazkenean euskal klubak iragarri duenaren arabera. Zenit da jokalari estatubatuarraren talde berria; Howard 2022an iritsi zen Arabako taldera, eta, Kosner Baskonian, 244 partida ofizial jokatu ditu eta Errege Kopa bat irabazi du.
Kosner Baskoniak berak gogora ekarri duenez, Endesa Ligako historian hiruko saskiratzerik gehien sartu dituzten Baskoniako jokalarien zerrendan Howard bigarren postuan dago; gainera, Euroligako historian denboraldi bakar batean hiruko saskiratzerik gehien sartu dituen jokalaria da.
“Konpromisoa eta Baskonia izaera ditu, gurean ondarea uztea lortu du eta. Markus Howarden izena klub honen historia-liburuetan idatzita dago. Beti maitasunez gogoratuko dugu, eta zorterik onena opa diogu, arlo pertsonalean zein profesionalean”, nabarmendu du Gasteizko klubak, agurrean.