Baskoniak Clement Frisch fitxatu du, hiru denboraldiz, 2028ra arte
Baskoniak Clement Frisch hegal-pibota fitxatu du, 2027-28 denboraldiaren amaierara arte, alegia, hiru urterako, Gasteizko klubak asteazken arratsaldean iragarri duenez. Jokalari frantziarra, 23 urtekoa eta 2,01ekoa bera, euskal taldeak baieztatu duen aurreneko fitxaketa da. Nancytik iritsi da, eta, 2024-25 denboraldian, bere herrialdeko Ligan, gehien hobera egin duen jokalariari ematen dioten saria bereganatu du.
Estrasburgo taldeko harrobian hazita (talde horrekin debuta egin zuen Frantziako Liga txapelketan), Frisch hiru denboraldiz aritu da Nancyn; amaitu berri den denboraldian, partidako, 11,7 puntu sartu ditu, batez beste, bost errebote hartu, eta 2,1 asistentzia eman. Balorazioari dagokionez, 14,5 izan du, neurketako.
Hegaleko pibot frantziarra, horrenbestez, aurrenekoz arituko da Euroligan, 2025-26 denboraldian, Baskoniarekin.