Kirolbet Baskonia, bere laugarren Liga txapelketaren bila
Kirolbet Baskoniak Endesa Ligako bere laugarren txapelketa lortzeko lehiari ekingo dio gaur Real Madrilen aurka, bere azken titulua lortu zuenetik zortzi urte bete direnean.
Madrildarren eta gasteiztarren arteko finalak bost partida izango ditu (hala behar izanez gero), eta horietako lehendabiziko biak Real Madrilen kantxan (Wizink Center) jokatuko dituzte. Pablo Lasok entrenatzen duen taldeak ez du Ligan bere etxean galdu azaroaz geroztik, hau da, Bartzelonaren aurka porrota jaso zuenetik (80-84).
Dena dela, Baskonia presio alde batera utzi eta ilusioz beteta doa Madrilera, talde zuria baita txapeldun izateko faboritoa: fase erregularrean lau norgehiagoka besterik ez ditu galdu eta play-offetan ezta bat bera ere.
Arabarrek txapelarekin amets egiteko arrazoiak dituzte, aurten elkarren artean jokatu dituzten neurketetan Real Madrili gauzak zail jartzeko gai izan baitira. Baina ez hori bakarrik; izan ere, Buesa Arenan jokatutako Euroligako partidan irabazi egin baitzieten (105-75).
Lehiaketako bi jokalari onenen (Luka Doncic esloveniarra eta Tornike Shengelia georgiarra) arteko lehiaz gain, badira final honek aurrez aurre jarri dituen beste zenbait bikote interesgarri ere: Tavares eta Vincent Poirier; Jaycee Carroll eta Matt Janning; edota Rudy Fernandez eta Janis Timma.
Erritmo handiko eta puntu ugariko partidak espero dira, horiexek izan baitira bi taldeen ezaugarri nagusiak denboraldian zehar. Aitzitik, defentsako taktikak ere arretagune izango dira, entrenatzaile biak aberatsak baitira alderdi horri dagokionez.
Talde biek ibilbide azpimarragarria daukate lehiaketan, baina final batean elkarren aurrean jardungo duten bigarren aldia izango da soilik, ez baitute elkarren aurka jokatu ez Errege Kopako finaletan, ezta Endesako Superkopako finaletan ere.
Bien artean existitzen den aurrekari bakarra 2004-05 denboraldiko Endesa Liga da. Orduko hartan, Bozidar Maljkovicek entrenatzen zuen talde madrildarrak (kantxa faktorea kontra zuenak) Baskonia azpiratu zuen bosgarren norgehiagokan, 8 puntuko aldeari azken 50 segundotan buelta ematea lortu eta gero.
Zure interesekoa izan daiteke
Kenneth Fariedek Baskoniaren barneko jokoa indartuko du
Pibot estatubatuarrak Panathinaikosekin Euroliga jokatu ondoren egingo du bat taldearekin.
Kosner Baskonia berria abian da, jokalarien azterketa medikoekin hasita
Tadas Sedekerskis Baskoniako kapitainak azterketa medikoa egin aurretik adierazi duenez, "oso ohituta daude denboraldi handiak egin dituzten jokalariei agur esatera". "Erronka eta helburu berriak ditugu, eta aurpegi berriak", gaineratu du. Gainera, ohartarazi duenez, ACB liga "gero eta lehiakorragoa" bihurtzen ari da, eta "saskibaloia aldatzen ari da, gero eta fisikoagoa eta atletikoagoa" delako.
Kosner Baskoniak lagunartekoa jokatuko du Leonen Real Madrilen aurka
Irailaren 5ean izango da, Urbano González Escapa I. Memorialaren barruan. Bertan, Elosua Leongo jokalari ohia omenduko da.
Kosner Baskoniaren eta Joventuten arteko Superkopako partida irailaren 19an jokatuko da, 18:00etan
Bigarren finalerdia Valentzia Basketek eta Bartzelonak jokatuko dute, egun berdinean, 21:00etatik aurrera.
Kosner Baskoniak Damion Baugh joko antolatzailea fitxatu du, hurrengo bi denboraldietarako
Baugh, 26 urtekoa eta 1,91 metrokoa bera, Valley Suns taldetik taldetik iritsi da Baskoniara, alegia, G League txapelketatik; liga hori NBArekin lotuta dago.
Galbiati eta Sedekerskis, hunkituta, Gasteizko jaietako txupinazoa bota aurretik
Felix Fernandez Kosner Baskoniaren kirol zuzendaria, Paolo Galbiati entrenatzailea, Tadas Sedekersis kapitaina eta Myriam Pereda klubeko zaleen ordezkaria izan dira Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera emateko txupinazoa jaurtitzeko arduradunak.
Xevi Pujolek Kosner Baskonia utziko du, eta Bartzelonaren kirol zuzendaria izango da
Bost denboraldiz Manresaren idazkari teknikoa izan ondoren, kataluniarra Gasteizko taldera iritsi zen joan den denboraldian. Pujolek, alde bakarrez, Baskoniarekin zuen harremana eten du. Litekeena da Gasteizko taldeak erabaki horren aurkako salaketa jartzea.
Kosner Baskoniak etxean eta txapeldunaren kontra ekingo dio Europako bideari
Irailaren 24an izango da neurketa. Horrela, txapelketa kontinentalaren hasiera, iazkoarekin alderatuta, egun batzuk aurreratuko da. Baskoniak lehen lau jardunaldietatik hiru jokatuko ditu Buesan. Real Madrilek urriaren 27an bisitatuko du Gasteiz, eta Bartzelonak, abenduaren 16an.
AJ Lawson eskolta kanadarrak Kosner Baskoniaren perimetroa indartuko du 2028ra arte
Lawsonek 1,98 metroko garaiera eta 26 urte ditu. NBAn 107 partida jokatu ditu Minnesota Timberwolves, Dallas Mavericks eta Toronto Raptors taldeekin. Azken denboraldian G-League eta NBA artean aritu da, kontratu dual batekin.
Baskoniak iragarri du Mamadi Diakitek ez duela klubean jarraituko
Hegal-pibota Dubai Basketball taldean arituko da datorren denboraldian, Gasteizko taldean 76 partida jokatu ondoren.