Urreisti-Atain bikoteak bigarren garaipena bildu du, Laduche eta Manci txapelketan aurrera egiteko aukerarik gabe utzita
Atainen eta Manciren arteko agurra, neurketa bukaeran. Irudia: EITB
Eñaut Urreistik eta Gorka Mugartegi Atainek Ludovic Laduche eta Mikel Manci mendean hartu dituzte, bi jokotan (15-10 eta 15-6), Eusko Label Winter Serieseko bosgarren jardunaldian, Gernikako Jai Alai pilotalekuan. Horrela, Urreisti eta Atain zazpi punturekin kokatu dira sailkapenean. Aurkariek, aldiz, ez dute txapelketan aurrera jarraitzeko aukerarik, bigarren porrota baitute.
Partidaren azken tantoa eta irabazleen adierazpenak
Lehendabiziko joko lehiatua
Lehen jokoaren aurreneko erdian tanto azkarrak izan dira gehienbat. Hala ere, berdintasuna izan da nagusi. Nahiz eta Urreisti eta Atain 4-1 aurreratu, mutrikuarra eta markinarra aurreneko atsedenaldira soilik bi tantoaren aldearekin iritsi dira (8-6). Bi aurrelariak nor baino nor aritu dira aurreko koadroetan, baina ez du inork erabat nagusitzea lortu.
Lau puntistak berriro kantxaratu ondoren, Urreistik eta Atainek aldetxoa hartu dute markagailuan, atzelari markinarra agintzen hasi delako. Gainera, aurrelari gipuzkoarra gehiagotan nagusitu zaio lapurtarrari. Azkenean, majo lan eginda, lehen jokoa poltsikoratzea lortu dute aurrelari mutrikuarrak eta atzelari markinarrak, une oro aurretik izan ondoren (15-10).
Bigarren joko desorekatuagoa
Faboritoek lehen jokoa eskuratu ondoren, aurrelari lapurtarra eta atzelari gipuzkoarra erreakzionatzeko asmo kantxaratu dira bigarrenean. Horrela, lehen aldiz partidan markagailuan aurrea hartu dute 0-1ekoarekin, baina poz efimeroa izan da. Urreistik eta Atainek markagailua irauli dute berehala, eta 4-1 jarri dira. Laduchek eta Mancik ez dute etsi, eta abantaila murriztu dute (4-3). Aurrelari lapurtarrak min hartu du eskui besaburuan, ezker hormarekin talka egin ondoren. Laduche aldageletan sartu da, eta izotza jarri du.
Kantxara bueltatu direnean partidaren joera ez da aldatu, eta aurrelari mutrikuarrak eta atzelari markinarrak agintzen jarraitu dute, bigarren atsedenaldira hiru tantoren aldearekin joateko (8-5). Azken etenaldiaren ostean, gainera, neurketa guztiz haustea lortu dute, eta erabat nagusitu dira bigarren erdian. Laduche eta Manci lehen jokoan lehiakorrago azaldu dira, eta bigarrenaren bigarren erdian kale egin dute. Gauzak horrela, Urreistik eta Atainek oso erraz irabazi dute bigarren partziala (15-6).