Sorozabal-Arai eta Urreisti-Basque Jai Alai Ligako final handirako sailkatu dira
Oihana Sorozabal eta Arai Lejardi, emakumezkoen txapelketan, eta Eñaut Urreisti eta Thibault Basque, gizonezkoetan, 2025eko Jai Alai Ligako final handirako sailkatu dira, Carmelo Balda pilotalekuan, Donostian, astelehenean; izan ere, txapelketako Lauko Finaleko lehen finalaurrekoetan, hurrenez hurren Ihart Arakistain eta Frida Watkins eta Johan Sorozabal eta Unai Lekerika menderatu dituzte. Hain zuzen ere, Sorozabal eta Arai hiru jokotan gailendu zaizkie Arakistaini eta Fridari, 11-15, 15-12 eta 3-5, eta Urreistik eta Basquek bi jokotan hartu dituzte mendean Johan eta Lekerika, 11-15 eta 6-15.
Hala, emakumezkoen txapelketan, Sorozabalek eta Araik eskuratu dute final handirako txartela, Arakistain eta Frida menderatuta, bizi-bizia eta oso parekatua izan den neurketan. Hirugarren jokoan zehaztu da zein bikotek jokatuko duen finala; izan ere, lehenengo jokoan, Biarritzeko aurrelaria eta Markina-Xemeingo atzelaria 11-15 gailendu dira, eta bigarrenean, ordea, Sopelako aurrelariak eta Zumaiako atzelariak erdietsi dute puntua, 15-12 irabazita. Hirugarren jokoan ere ibili dira parean, kontuan izanik hiruna ere izan direla; azkenean, Sorozabalek eta Araik bi tanto jarraian egin dituzte, eta garaipena lortu dute.
Gizonezkoen txapelketan, Urreistik eta Basquek partida bikaina jokatu dute, Johan eta Lekerika aurkari, eta, horrenbestez, Jai Alai Ligako final handian dira. Mutrikuko aurrelaria eta Bidarteko atzelaria 11-15 gailendu dira aurreneko jokoan, eta bigarrenean are hobeto aritu dira; 6-15 eskuratu dute bigarren joko hori, eta emaitzak argi uzten du zein ondo jokatu duten irabazleek. Eñaut Urreistik eta Thibault Basquek maila bikaina eman dute, eta merezita lortu garaipena.
Datorren astelehenean, Carmelo Baldan, Jai Alai Ligako bigarren finalerdiak jokatuko dituzte; finalean postu bat lortu nahirik, Elaia eta Maia eta Maite eta Maialen arituko dira nor baino nor gehiago, eta Erkiagak eta Gorkak Barandika eta Lopez egungo txapeldunak izango dituzte aurkari gisa.
Zure interesekoa izan daiteke
Lekeitioko Master Seriesa, abuztuaren 22an eta 28an, Santi Brouarden
Santi Brouard pilotalekua prest dago Lekeitioko Masters Seriesa hartzeko. Erkiaga-Lekerika, Goitia-Atain, Laduche-Manci eta Goixerri-Salegi lehiatuko dira bertan. Finalerdiak abuztuaren 22an jokatuko dituzte. Final handia, berriz, hilaren 28an.
Iñigo Unda: “Oraindik hobetzeko asko daukat; ahal zara izan onena edo ez, baina bakarra”
24 urte besterik ez eta Gernika Grand Slameko finalera iritsi da Iñigo Unda Aritz Erkiagarekin batera. “Oraindik hobetzeko asko” daukala adierazi du, eta irabazi ez duen arren bizitakoarekin pozik da gernikarra.
Barandikak eta Mancik jantzi dituzte Gernika Grand Slameko txapelak
Azken tantora berdinduta iritsi den finala, hirugarren seta, 4-4 eta Barandikak eta Mancik behin betiko tantoa eskuratu dute, txapela eskuratzeko. Lehen seta 15-10 irabazi dute, Erkiagak eta Undak 9-15 erantzun dute bigarrenean, eta hirugarrena azken tantoan erabaki da.
Barandika eta Oyhenard irabazle Donibane Lohizuneko 4ko masterrean
Barandika eta Oyhenard nagusitu dira Donibane Lohizuneko Master 4ko finalean, baina hirugarren jokoa behar izan dute Erkiaga eta Basque mendean hartzeko. Lehenbizikoan, Ispasterkoa eta Bidartekoa izan dira nagusi, 15-13. Bigarrena, baina, gernikarrak eta Donibane Lohizunekoak eskuratu dute, 13-15. Kitarakoan, berriz, Barandika eta Oyhenard jaun eta jabe izan dira: 1-5. Gernikako aurrelaria bolada onean dago, jokatu dituen azken 12 partidetatik 11 poltsikoratu baititu.
Barandikak eta Oyhenardek Donibane Lohizuneko Master 4 txapelketaren finalerako txartela lortu dute
Jean Olharan eta Gorka Sorozabal bi jokotan mendean hartu zituzten. Lehenengoa estu joan zen (15-14). Bigarrenean, tarte handiagoarekin, 15-9 gailendu ziren Barandika eta Oyhenard. Ostegun honetan jokatuko dute finala. Erkiaga eta Basquerekin neurtuko dituzte indarrak.
Clement Garciak eta Jerome Portetek Master 3 txapelketa irabazi dute, Donibane Lohizunen
Asteartean jokatutako finalean, Ludovic Laduche eta Theo Laborde menderatu dituzte, bi jokotan, 15-10 eta 15-11.
Barandika eta Manci, Gernikako Grand Slameko lehen finalistak
Barandika eta Manci dira Gernikako Grand Slameko lehen finalistak, Goitia eta Basque garaituta (14-15, 15-12 eta 5-1). Bigarren finalerdia hurrengo larunbatean jokatuko da, abuztuaren 8an, eta finala, berriz, San Roke egunean, abuztuaren 16an.
Urreistik zuntz haustura du eskuin besoan eta bizpahiru aste emango ditu pilotalekuetatik at
Mutrikuko puntistak min hartu zuen iragan larunbatean Gernikako Grand Slameko lehen jardunaldian, eta abuztuaren hasieran berriz kantxaratzea espero da.
Erkiaga eta Atain gailendu dira Markinako Grand Slamaren finalean
Txapeldunek finalerako txartela ezusten lortu zuten Txanika eta Salegi garaitzeko lana erruz egin behar izan dute. Bi joko estuetan lortu dute garaipena (15-12 eta -15-14).
Elaiak eta Araik erraz hartu dituzte mendean Lur eta Alize Markinako Grand Slamaren finalean
Lejardi ahizpak etxean aritu dira. Arai atera da garaile, lan txukuna eginda, baina zoragarri aritu den Elaia nabarmenduz. Elaia eta Arai bi jokotan gailendu dira (15-6 eta 15-3). Hasieratik izan dira aurretik. Arriskatzen hasi direnean ere, asmatu dute.