Lau T'erdiko finala
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Peio Etxeberriak bere bigarren txapela jantzi du, Javi Zabala final nekagarrian menderatuta (22-20)

Bi pilotariek final ikusgarria jokatu dute, eta ez da azken tantoetara arte erabaki. Tanto borrokatu ugari jokatu dira, eta partida oso orekatua izan da. Finaletan beti gertatzen den bezala, detaile txikiek erabaki dute norgehiagoka.

BILBAO (PAÍS VASCO), 22/11/2026.- El pelotari navarro Peio Etxeberria (i), celebra ganar un punto ante el riojano Javier Zabala (d), durante la final del Campeonato del Cuatro y Medio, el último gran torneo de la temporada de pelota vasca, este domingo en Bilbao (País Vasco). EFE/ Javier Zorrilla

Peio Etxeberriaren poza, partidaren bukaeran. Argazkia: EFE

Peio Etxeberriak bere bigarren Lau T’erdiko Txapelketa irabazi du gaur, Javi Zabala final nekagarrian menderatuta. Neurketa oso estua eta orekatua izan da, eta detaile txikiek erabaki dute dema (22-20).

Iragarkia
PELOTA FINALA PODIUM
18:00 - 20:00

Artekaririk gabeko lehen finala 18:27an hasi da, bi pilotariek elkarri bostekoa eman ostean. Javi Zabala erauntsia izan da finalaren hasieran. Errioxarrak hasiera ezin hobea eman dio partidari, eta 0-4 jarri da aurretik, oso erasokor jokatuta. Etxeberriak etenaldia eskatu behar izan du, erritmoa aldatzeko saiakeran.

Aulkitik bueltan, Peiok bere lehen kintzea egin du, ordura arteko tantorik piloteatuenean. Sakea bereganatu eta bere ezker boteretsuarekin agintzen hasi da nafarra. Gainera, errioxarrak opariren bat egin du tartean (3-4).

Hala ere, hurrengo tantoa ezkerkada kanpora joan zaio Zenozko aurrelariari, bere bolada ona etenda (3-5). Segidan nafarrak 4-5ekoa jarri du markagailuan, ezkerrarekin horma-biko bikaina eginda. Norgehiagoka berdintzeko hiru aukera izan ditu Etxeberriak, baina ez du lortu. Laugarrenean, ordea, zenoztarrak ez du barkatu, eta 6-6koa igo da markagailura, Zabalak pilota txapara bidali ondoren.

Partida hasiera gogorrean, beste tanto borrokatuan, kintzea Logroñoko aurrelariarentzat izan da, ezker gantxo apartarekin pilota zabaleko marraren alboan jarrita (6-7). Jarraian, baina, errioxarrak beste opari bat egin du, sakea labur aterata (7-7). Hurrengo tantoa ere Peiok egin du, eta neurketan aurretik jarri da lehen aldiz (8-7). Hiru tanto jarraian eginik, nafarra 9-7 aurreratu da, eta Zabalak etenaldia eskatu behar izan du.

Errioxarrak ez du nafarraren bolada ona eten, eta lan erdietan Peio lau tanto aurretik zen (11-7); are gehiago, lehen atsedenaldira bost kintze aurretik joan da. Javi Zabala ataka estuan zen, nahiz eta errioxarrak partida hasiera aparta egin.

Nafarrak min hartu du gerrialdean

Aldageletatik bueltan, Etxeberria pilota baten ponpari begira geratu da, kolperik tira gabe, baina Zabalaren pilotakada barruan izan da, eta Logroñoko aurrelariak sakea berreskuratu du. Segidan tantoa sakez egin du errioxarrak, eta ondoren Peiok bigarren botean eraman du pilota bat (12-10). Dirudienez, nafarrak gerrialdean min hartu du jokaldi horretan, eta medikuari aldageletara joateko baimena eskatu dio txistu artean.

Zenoztarra kantxara bueltatu da, eta beste tanto oso gogor bat jokatu dute bi pilotariek. Kintzea Zabalak poltsikoratu du, eta hurrengoa ere bere alde erori da, berriro berdinketa ezarriz (12-12). Errioxarrak sei tanto egin ditu bata bestearen atzetik, eta markagailuan aurretik jarri da berriro (12-13). Beste tanto nekagarri batean, bi pilotariak zeharo beteta zeudenean, Peiok Zabalaren bolada ona eten du (13-13).

Nafarrak hurrengo kolpea eman du (14-13), baina errioxarrak berehala itzuli dio (14-14). Hurrengo kintzean, bi pilotariek talka egin dute, eta epaileek buelta eman dute. Pilota berriro jokoan jarri ostean, beste tanto nekagarri batean, zenoztarrak pilotakada aparta eman du zabalera (15-14). Hurrengo biak ere nafarrak poltsikoratu ditu, pilotakadak azken unera arte ezkutatu eta aurkaria guztiz engainatuta (17-14).

Azken atsedenaldira, bi tanto aurretik

Jarraian, pilotakada bat kanpora joan zaio nafarrari, eta errioxarrak sakea berreskuratu eta airez horma-biko polita egin du (17-16). Enegarren kintze nekagarrian, bi pilotariak neka-neka eginda zeudenean, Peiok ezker gantxoz tantoa egin du, bigarren eta azken atsedenaldira bi tanto aurretik joateko (18-16).

Zabala kantxan geratu da; Peio, aldiz, aldageletan sartu da. Bueltan, sakea laburregi atera du nafarrak, lehendabiziko oparia garai txarrean eginez. Sakea berreskuratu eta partida berriro berdintzeko aukera baliatu du errioxarrak (18-18). Egoera eta neurketa irauli du Logroñoko aurrelariak. Peiok bere azken etenaldia eskatu du orduan (18-19). Beste tiki-taka luze batean irabazle atera da Zabala (18-20), baina hurrengo tantoan txanpon berarekin ordaindu dio nafarrak (19-20).

Peio 20-20koa jartzeko kapaz izan da, eta Zabala beste etenaldi bat eskatzera behartu du. Biak berriro kantxaratu direnean, Etxeberriak sakez egin du tantoa, eta Zabalak eraman ezin izan duen pilota batek itxi du neurketa handia.

Iragarkia
Lau t'erdiko finala, azken tantoa
18:00 - 20:00
Publizitatea
X
Publizitatea
X