Peio Etxeberriak bigarren txapela jarraian nahi du, eta Javi Zabalak errebantxa hartu
Final handia Zenozko aurrelariaren begiko lesioak baldintzatuta iritsiko da, ostiralera arte pilotazale guztiak kezkatuta izan baititu. Azkenean, nafarrak kaiolako bere laugarren finala jarraian jokatuko du, eta errioxarrak bigarrena aurkari beraren aurka eta pilotaleku berean.
Peio Etxeberria nafarrak eta Javi Zabala errioxarrak Lau T'erdiko Txapelketako finala jokatuko dute igande honetan, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Finala Zenozko aurrelariaren begietako lesioak baldintzatuta iritsiko da, ostiralera arte pilotazale guztiak kezkatuta izan baititu. Partida zuzenean izango da ikusgai kirolakeitb.eus atarian eta ETB1en, 16:30ean hasita.
Nafarrak jokatu egingo duela baieztatu ondoren, bere laugarren finala jarraian jokatuko du kaiolan. Zenozkoak Zabala izango du aurkari, iaz bezala, eta bere bigarren txapela jarraian eskuratzea du helburu. Javi Zabalak, bere aldetik, galaraztea izango du xede, eta, bide batez, aurreko edizioko arantza kendu aurkari beraren aurrean eta pilotaleku berean.
Aspek ostiralean baieztatu zuen Etxeberriak, azkenean, finala jokatuko duela begiko arazoa gainditu ostean. Pelota Pro Ligak iragarria zuen, Etxeberriak jokatu ezean, Ander Murua izango zela ordezkoa; izan ere, Jokin Altuna (3. sailkatua) ere ez da jokatzeko prest, sudurrean ebakuntza egin batiote.
Zorionez, nafarrari ostiralean egindako azken azterketa oftalmologikoan egiaztatu dute keratitisa sendatuta duela; beraz, finala jokatzeko moduan dago.
Javi Zabalak eta Peio Etxeberriak ostegunean egin zuten igandeko hitzordu nagusirako pilota aukeraketa, Zenozkoak ezker begian zuen arazoaren ondorioz asteartean atzeratu ondoren. Saskian mota guztietako pilotak aurkitu zituztela adierazi zuten biek. Zabalak esan zuen pilota azkar bat bilatu zuela, eta Peiok, berriz, bi pilota "natural, normal".