Mikel Urrutikoetxea, Buruz Burukoaren txapela Bizkaira berriro eraman zuen pilotaria
Mikel Urrutikoetxeak iragarri du, 36 urte betetzeko bi hilabete gelditzen zaizkiola, irailaren 20an amaiera emango diola pilotaritza profesionalean egindako ibilbideari. Zaratamoko aurrelariak, hortaz, 2025eko irailean utziko ditu frontoietako kantxak. Hamasei urtez aritu da goreneko mailan, 2009an egin baitzuen debuta, eta palmares bikaina lortu du denboraldi horietan guztietan: Urrutik, hala ezagutzen dute hainbat pilotazalek, hiru txapelketa nagusiak irabaztea erdietsi du, hau da, Buruz Burukoa, Lau t'erdikoa eta Binakakoa, eta, ondorioz, azken urteotako handienen artean dago, ezbairik gabe. Halaber, 38 urteren buruan, Buruz Buruko txapela berriro ere Bizkaira eramatea lortu zuen pilotaria da.
Profesional gisa, Urrutikoetxeak 2009ko ekainaren 13an egin zuen debuta, Arrigorriagan, sorterritik oso gertu. Asegarcek eman zion estreinakoa egiteko aukera; berez, beti aritu da 2018tik Baiko izena duen enpresan. Aurreneko partida hartan, galdu egin zuen 22-13, Oier Mendizabalekin batera, Iker Arretxe eta Aritz Begino aurkari. Garai hartan, Urrutik 20 urte zituen, 1989ko maiatzaren 24an jaio baitzen.
Hala, estreinako norgehiagoka hura ez zen onenetakoa, gutxienez markagailuari erreparatuta, baina Urruti gazteak berehala ekin zion garaipen nabarmenak eskuratzeari. 2009an, profesionaletan hilabete batzuk zeramatzala, Promozioko Lau t'erdikoa irabazi zuen, egungo B Seriekoa. Hurrengo denboraldietan, esperientzia eskuratu eta kantxan indar handiagoa bereganatu zituen, beti hobera eginda. Heltzear zen txapelketa nagusietan garaile irtengo zen unea; hori 2015ean hasi zen gertatzen.
Denboraldi hartako Buruz Burukoan, zaratamoztarrak, finalerdietan, Oinatz Bengoetxearen aurka galdu zuen, 22-7, eta ez zuen jokatu hirugarren posturako partida, Juan Martinez de Irujoren kontra, iberotarrak arazo fisikoak zituelako. Bengoetxea VI.ak ezin zuen finala jokatu, lesio batengatik, eta, ondorioz, Urruti zen finalista, Aimar Olaizola aurkari. Final handia izan zen, Bilbon, Bizkaia Frontoian, 2015eko ekainaren 28an, jokatu zuten hura. Urrutikoetxeak 22-19 menderatu zuen goizuetarra, eta txapela jantzi zuen.
Garaipen historikoa izan zen. 1977an Iñaki Gorostizak lortu zuenetik, bizkaitar pilotaririk ez zuen lortuta Buruz Buruko Txapelketan nagusitzea. Hau da, 38 urteren ostean eskuratu zuen Urrutik txapel hori. Gorostizak berak, 1979an, Binakako Txapelketa irabazi zuen, eta bera zen titulu hori eskuratzen azken bizkaitarra; 2016an, Urrutikoetxeak, beste behin, atxondotarraren lekukoa hartu zuen, modalitate horretan ere.
Hori baino lehenago, 2015eko azaroaren 29an, Zaratamoko aurrelariak Lau t'erdikoa ere irabazi zuen. Bilbon, finalean, Juan Martinez de Irujo hartu zuen mendean, epikoa izan zen neurketan; izan ere, Irujo 20-10 ari zen gailentzen, baina Urrutik 22-20 eskuratu zuen garaipena. Akarregi lekeitiarrak, 1953an, Lau t'erdikoaren lehenengo ekitaldia irabazi zuenetik, Urrutikoetxea zen txapela hori janztea lortzen zuen lehenengo bizkaitarra.
Zalantzarik gabe, Urruti garai hartako aurrelaririk onenetakoa zen. Baina Asegarcek, 2015-16ko Binakako Txapelketarako, erabaki zuen zaratamoztarra atzelari kokatzea, Aimar Olaizolarekin batera. Olaizolak eta Urrutikoetxeak txapel hori ere janztea lortu zuten; finalean, Bilbon, Juan Martinez de Irujo eta Beñat Rezusta menderatu zituzten, 2016ko apirilaren 9an. Final hori ez zen bukatu, Irujo mina hartuta baitzebilen; irabazleak 16-10 gailentzen ari zirela, amaiera eman zioten iberotarrak ezin zuelako jarraitu. Titulu hori lortuta, Urrutikoetxeak esku pilotako hiru txapel nagusiak zituen etxean, eta pilotari oso gutxik esan dezakete hori.
2016an ere, San Fermineko Lau t'erdikoa irabazi zuen, finalean Joseba Ezkurdiari 22-21 gailenduta, berriro ere markagailua modu harrigarrian iraulita. Horrez gain, Mikel Urrutikoetxeak beste lau final handi jokatu ditu bere ibilbidean: 2016ko eta 2019ko Buruz Buruko finalak, Binakakoaren 2020koa, atzelari gisa orduan ere, eta 2017ko Lau t'erdikoa.
Azken urteotan, bera baino gazteagoak diren pilotari batzuek —Unai Lasok, Iñaki Artolak, Jon Ander Peñak eta Erik Jakak, esaterako— titular postua kendu diote Baikon, txapelketa nagusietan. Hala ere, zaratamoztarra ondo aritu da kantxaratu denean. Orain, pilotazaleek pilotari handi bati agur esateko aukera dute; udan bere herri eta pilotaleku maitatuenetan jokatzea du aurreikusita, eta irailaren 20an jokatuko du Bilbon bere azken partida.
Zure interesekoa izan daiteke
Peio Etxeberriak eta Zabaletak Larrazabal eta Albisu garaitu dituzte, 22-14
Partidaren zailtasuna nabarmendu du Etxeberriak: “Partida gogorra izan da eta hor egoten jakin dugu”.
Jakak eta Mariezkurrenak 9-22 menderatu dituzte Ezkurdia eta Gabirondo
Jakak eta Mariezkurrenak izan dira nagusi Ezkurdia eta Gabirondoren aurka San Fermin Torneoan jokatutako kanporaketan: 9-22. Jakak onartu du lan handia egin behar izan dutela garaipena eskuratzeko.
Unai Laso: “Ez dut oraindik asko sinesten”
Unai Lasok egin duen esfortzuagatik buruko minez bukadu duela finala adierazi du: “kriston lehertua hartu dut gaur”. Asko sufritu duela ere esan du, eta “oso pozik” dagoela txapela lortzeagatik.
Horrelakoa izan da finaleko azken tanto ikusgarria
Unai Laso eta Jokin Altunaren arteko finaleko azken tantoa oso gogorra eta lehiatua izan da, partida osoa bezala.
Unai Laso borrokalariak 4 terdiko San Fermin Txapelketa irabazi du (20-22)
Aurrelari nafarrak final gogorra eta zirraragarria irabazi du Jokin Altunaren aurka Nafarroa Arenan.
Arrizabalaga-Bergara bikotea eta Gaminde nagusitu dira lehen jardunaldian
Olatz Arrizabalagak eta Arrate Bergarak Goiuri Zabaleta eta Nora Mendizabal hartu dituzte mendean (20-22), bigarren erdian estutu den neurketan. Lau T’erdikoan, Enara Gamindek Madalen Etxegarai jipoitu du (18-4).
Enara Gaminde: “Gustura ibili naiz, ondo egin dut nire jokoa”
Enara Gamindek aise irabazi dio Madalen Etxegarairi 4 t’erdian. Laukiztarrak adierazi duenez “4 t'erdiko marra ahalik eta gehien topatzea, kantxa erdia hartzea eta hortik min egitea” da bere indargunea eta horrela jarraituko du estrategiak funtzionatzen dion bitartean.
Olatz Arrizabalaga: “Takadetako partida izan da; serio jarraitu dugu eta egindako lanarekin oso gustora”
Arrizabalaga-Bergara bikotea gailendu da Zabaleta-Mendizabali. Partida oso aldakorra izan da, baina azkenean 20-22 irabazi dute urdinek. Une frustragarri batzuk pasa dituzten arren, partidatik atera ez izanagatik eta lortutako emaitzarekin gustora geratu dira irabazleak.
Lasok eta Altunak jokatuko dute Sanferminetako 4 t’erdiko finala
Unai Lasok eta Jokin Altunak San Fermin torneoko 4 t’erdiko finalerako txartela lortu dute. Lehen finalerdian, Lasok 22-6 garaitu du Peña II.a. Askoz gehiago jokatu du eta aise gailendu da lehian. Bigarrenean, Altunak jokoa menpean zuela zirudien, baina azkenean gogor aritu behar izan da Zabala 22-17 menderatzeko.
Dariok ez du kantxetara itzultzeko eperik jarri nahi, “frustrazioa” saihesteko
“Hilabete eskasean zerutik infernura igaro naiz”, onartu du Aspeko aurrelari errioxarrak. “Konturatzerako, pilotalekuan pilota astintzen egongo naiz berriro”, esan du, itxaropentsu.