Erremontari
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ansa eta Zubiri, Erremontariko txapeldun, finala irauli eta Aldaberi eta Barrenetxeari irabazita

Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea nagusitu dira lehen jokoan (12-15), baina bigarrenean Imanol Ansak beste martxa bat sartu du (15-12), eta Bereziartuko ordezkariek joko erabakigarria behartzea lortu dute. Hirugarrenean detaile txikiek erabaki dute neurketa.

Erremontari-Finala-Ansa-Zubiri-txapeldun
Imanol Ansa eta Aritz Zubiri, txapelekin. Irudia: EITB

Ansa II.ak eta Zubirik Aldabe eta Barrenetxea IV.a mendean hartu dituzte hiru jokotan (12-15, 15-12 eta 8-5), Erremontari Sagardoaren Txapelketako final handian. Aurrelari urnietarrak eta atzelari goizuetarrak finala irauli behar izan dute, Lekunberriko aurrelaria eta Hernaniko atzelaria oso sendo izan baitira.

Iragarkia
Ansa II-Zubiri
18:00 - 20:00

Aldabek eta Barrenetxeak hasiera bikaina eman diote partidari; izan ere, 0-3 aurretik jarri dira markagailuan. Barrenetxeak aurreneko bi tantoak sakez egin ditu, eta lehen kintze borrokatuan Oialume Zar sagardotegiko erremontistak nagusitu dira. Orduan Ansa agertu da, Bereziartuko ordezkarien lehenbiziko tantoa egiteko (1-3). Neurketak erritmo bizia izan du, fisikoki oso exigentea. Ansa airez sartzen saiatu da, eta aurkariak hura saihesten. Aldabe eta Barrenetxea aurretik joan dira lehen atsedenaldira (5-8).

Oialume Zarreko bikotea aldeari eusten saiatu da. Barrenetxeak sakez egin duen hirugarren tantoak 7-11koa ekarri du. Bereziartuko erremontistek markagailua estutu dute, baina Zubirik oparia egin du sake labur batekin (8-11). Ansa eta Zubiri suspertzen saiatu dira berriro, baina Aldabek eta Barrenetxeak ez diete utzi, eta lehen jokoa eskuratu dute (12-15).

Bigarren jokoan, finalaren erritmoa ez da jaitsi, baina joera guztiz aldatu da. Ansa eta Zubiri oso indartsu hasi eta 6-2 aurretik jarri dira. Hala ere, Oialume Zarrekoek ez dute etsi, eta ederki erantzun dute. Barrenetxeak sakea berreskuratu eta min handia egin du berriro. Horrela, Oialume Zarreko ordezkariek seina jartzea lortu dute. Hala ere, Ansa norgehiagoko bizitzen ahalegindu da, eta Bereziartuako bikotea aurretik joan da bigarren atsedenaldira (8-6).

Kantxara bueltan, Aldabek eta Barrenetxeak jokoa berdindu dute berriro (8-8), baina Urnietako aurrelariak musika jartzen jarraitu du, eta Bereziartuko bikoteak abantaila lortu du (13-8). Jarraian, Aldabek tantoa egin du, eta Barrenetxeak beste bat, sakez (13-10). Ansak dejadaz, maisuki, 14-10ekoa egin du. Ondoren, Barrenetxeak sakez zabalean jarri du pilota modu apartan (14-12). Baina Ansa ez zegoen txantxetarako, eta errestoan jokoa erabaki du (15-12).

Final handiko hirugarren joko erabakigarria ere oso orekatua eta lehiatua izan da. Detaile txikiek erabaki dute. Berdinketak bina, hiruna eta bosna izan dira. Ansak ekarri du aldea berriro, baina Zubirik ere meritu ikaragarria izan du jokaldi askotan. Barrenetxeari kanpora joan zaion pilota batek eman dio amaiera final bikainari (8-5), eta Ansak eta Zubirik eraman dute txapela. Txapelketako jokalaririk onena, ostera, Barrenetxea izendatu dute.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X