Aldabek eta Barrenetxeak garaipena eta finalerako txartela lortu dute; Segurola eta Larrañaga, aldiz, txapelketatik at geratu dira
Aldabe eta Barrenetxea, Goikoetxeari eta Jauneneari irabazi eta finalerako txartela lortu ondoren. Irudia: EITB
Imanol Ansak eta Aritz Zubirik Beñat Segurola eta Iban Larrañaga hartu dituzte mendean, hiru jokotan (15-12, 14-15 eta 8-6), Erremontari-Sagardoaren Txapelketako ligaxkaren bosgarren eta azken jardunaldian. Neurketa oso gorabeheratsua, lehiatua eta orekatua izan da Galarreta pilotalekuan. Partida denetik izan du, baita emozioa ere, markagailu oso estuekin. Puntu bat bilduta, Segurola eta Larrañaga txapelketan bizirik ziren, bigarren partidan gertatu behar zenaren esperoan.
Segurolak eta Larrañagak hasiera bikaina eman diote neurketari. Petritegiko bikoteak bere estrategia ederki inposatu du. Ansa ezin hobeto saihestu dute, eta Aizarnazabalgo aurrelariak etengabe aurrera egin du tantoak menperatuz. Horrela, Segurola eta Larrañaga aurretik joan dira lehenbiziko atsedenaldira (3-8).
Kantxara bueltan, gauzak ez dira batere aldatu, eta 4-11 jarri dira markagailuan. Jokoa poltsikoan zutela ematen zuen, baina orduan Urnietako aurrelaria esnatu da. Gainera, pilota aldaketak kalte egin die Petritegikoei, Bereziartua sagardotegiko ordezkarien mesedetan. Horrela, Ansak eta Zubirik partida ekarri dute. Berdinketa 12. kintzean lortu dute, eta zuzenean 15.era joan dira, jokoa erabat iraulita (15-12).
Bereziartuako bikotea agintzen hasi da bigarren jokoan, eta aitaren batean 3-0ekoa jarri dute markagailuan. Baina bikote gipuzkoarrak ez du etsi, eta erantzun egin du. Jokoko lehen berdinketa seinakoa izan da, eta Segurola eta Larrañaga aurretik joan dira bigarren atsedenaldira ere (6-8).
Jokoko bigarren berdinketa zortzinakoa izan da. Ondoren, aurrelari urnietarra eta atzelari nafarra izan dira aurretik, baina markagailua beti estua izan da jokoaren amaierara arte. Hirugarren berdinketa 13nakoa izan da, eta laugarrena 14nakoa. Segurolak eta Larrañagak txapelketan bizirik jarraitzea tanto bakarrean jokatu dute, eta aldekoa izan da (14-15). Horrela, bide batez, hirugarren jokoa ere behartu dute.
Hirugarren joko erabakigarrian, Ansa eta Zubiri atsedenaldira aurretik joan dira (4-2), partidan lehen aldiz, hein handi batean atzelari nafarrak ikaragarri asmatu duelako bere sakearekin. Hala ere, norgehiagokaren beste fase batzuetan gertatu bezala, gipuzkoarrek ez dute etsi, eta aurkariak estutu dituzte. Azken joko erabakigarrian lau berdinketa izan dira, lehiaren lekuko. Azkenean, Ansak eta Zubirik zertxobait gehiago asmatu eta garaipena poltsikoratu dute (8-6).
Bigarren neurketan, Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak Ander Goikoetxeari eta Aritz Juaneneari irabazi diete bi jokotan (6-15 eta 13-15). Lehen jokoan erabat nagusi izan da bikote irabazlea, eta bigarrenean lehia handiagoa izan da. Goikoetxeak eta Juaneneak partida osoan 15 tanto behar zituzten, txapelketan bizirik jarraitzeko eta Segurola eta Larrañaga etxera bidaltzeko. Aldabe eta Barrenetxea finalerako zuzenean sailkatu dira, 2-0eko garaipenari esker.
Lehen jokoan, Endika Barrenetxeak enegarren erakustaldia eman du sakearekin. Pilotakada oso gutxirekin, 0-7 aurretik jarri dira Oialume Zarreko erremontistak, atzelari hernaniarraren sakeei esker. Neurketako lehen atsedenaldira 1-8 aurretik joan dira, Goikoetxea eta Juanenea ezinean zirela. Kantxara bueltan, norgehiagoka ez da askorik aldatu. Alorreneako bikoteak tantoren bat edo beste egin du, baina Barrenetxeak bereari eutsi dio. Hernaniarrak sakez zazpi tanto egin ditu lehen jokoan. Horrela, Oialume Zarreko bikoteak aise irabazi du jokoa (6-15).
Bigarren jokoa bestelakoa izan da, lehendabizikoa baino askoz parekatuagoa. Hasieran, lehengo lepotik burua, Oialume Zarreko bikotea 0-3 aurretik jarri da, Barrenetxearen sakeei esker. Pilota hautsi egin da, eta 2-3koa partidako tantorik onena eta borrokatuena izan da. Juaneneak aukera ikusi du, eta jokoan gehiago sartu da. Hala ere, atsedenaldira berriro galtzen joateko arriskuan izan dira. Barrenetxeak sake motza egin du, eta horri esker tanto bat aurretik joan dira (8-7).
9-8koarekin Alorreneako bikoteak partidako 15. kintzea bildu du, eta Segurola eta Larrañaga txapelketatik at utzi dituzte. Hernaniko atzelariak bi sake luze bota ditu, eta 11-9koa zen markagailuan. Ondoren, Barrenetxea berriz zuzendu da, eta beste bi tanto sakez egin ditu, 11-14koa jartzeko. Goikoetxeak eta Juaneneak markagailua berriz estutu dute (13-14), baina ez dute iraultzerik izan, eta Oialume Zarreko erremontistek garaipena eta finalerako txartela lortu dute (13-15). Barrenetxeak sakez hamar tanto egin ditu gaurkoan.
Gauzak horrela, Ansa-Zubiri eta Goikoetxea-Juanenea izango dira aurrez aurre playoffean, bikote irabazleari finalerdi bakarrerako txartela emango dion partidan. Ezkurra eta Azpiroz zain dira, dagoeneko finalaurreko horretarako sailkatuak.
Zure interesekoa izan daiteke
Ansa: “Txapel honek badauka pisua garaitu ditugun aurkariak ikusita”
Imanol Ansa eta Aritz Zubiri, “Erremontari”-ko txapeldunak, Miramonen izan dira gaur. Zubirik azaldu du ilusio berezia egiten dion txapela dela “Azken Erremontari eta, seguraski, nire azken txapelketa” izango baitira. Ansak Nafarroako Erremontista taldeari eskaintzen dio txapela. Izan ere, alargun geratzen dira erremontistak aurten eta haiek izan dira ateak iriki dizkietenak.
Ansa II-Zubiri, Erremontariko txapeldun!
Ansa II-Zubiri bikoteak irabazi du “Erremontari” txapelketaren seigarren edizioa. Hiru jokotan garaitu diete Aldaberi eta Barrenetxea IV.ari (12-15, 15-12 eta 8-5). Bikote moreari ondo atera zaio prestatutako estrategia eta “sekulako txapela” bereganatu dute.
Ansa eta Zubiri, Erremontariko txapeldun, finala irauli eta Aldaberi eta Barrenetxeari irabazita
Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea nagusitu dira lehen jokoan (12-15), baina bigarrenean Imanol Ansak beste martxa bat sartu du (15-12), eta Bereziartuko ordezkariek joko erabakigarria behartzea lortu dute. Hirugarrenean detaile txikiek erabaki dute neurketa.
Finalistak konforme geratu dira aukeratutako materialarekin
Barrenetxea IV.ak, Aldabek, Ansa II.ak eta Zubirik “Erremontari” txapelketako finalean erabiliko duten materiala aukeratu dute. Urdinek pilota biziak aukeratu dituzte, txapelketa guztian zehar bezala. Moreek, berriz, baxuagoa, arinagoa.
Miriam Arrillaga eta Nora Mendizabal, epaile lanetan aitzindari
Miriam Arrillaga eta Nora Mendizabal Galarreta pilotalekuaren historia luzean epaile lanetan aritu diren lehen emakumeak dira. Pilotariak dira biak eta epaile izatearen esperientziarekin gustora, erremontean ere saiatuko liratekeela adierazi dute.
“Erremontari” txapelketako finalerdiko hiru tantorik onenak
Josetxo Ezkurrak eta Imanol Ansak egin dituzte “Erremontari” txapelketako finalerdiko hiru tantorik ikusgarrienak.
Ansak eta Zubirik finalerdia hiru jokotan irauli eta finalerako txartela lortu dute
Urnietarrak eta uitziarrak Ezkurra eta Azpiroz garaitu dituzte hiru jokotan (15-8, 14-15 eta 3-8), Galarreta pilotalekuan. Norgehiagoka oso gorabeheratsua eta emozioz betea izan da.
Imanol Ansa: “Oso partida zaila altxatu dugu; zorteko sentitzen naiz finala bizi ahal izateagatik”
Imanol Ansak eta Aritz Zubirik “Erremontari” txapelketako finala jokatuko dute Kemen Aldaberen eta Endika Barrenetxearen aurka. Ezkurra II-Azpiroz bikotea hiru jokotan garaitu ostean lortu dute hori (15-8, 14-15 eta 3-8).
Aldabe eta Barrenetxea IV.a, aurkariak nortzuk izango zain
Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea "Erremontari"ko egungo txapeldunak dira. Datorren asteleheneko finalaurreko emaitzaren zain daude, aurtengo finaleko aurkariak zeintzuk izango diren jakiteko.
Ansak eta Zubirik pilota baxuen aldeko apustua egin dute, Ezkurrak eta Azpirozek, berriz, biziak aukeratu dituzte
Hernaniko Galarreta pilotalekuan, bi bikoteek Erremontari saioko finalerdietarako materiala aukeratu dute. Ligaxkako bigarren jardunaldian, Doneztebekoa eta Uitzikoa nagusitu ziren. Aurreko koadroetan lehia bizia espero da.